#GaiNagusiak

Ur lehorra erraz fabrikatzeko sistemaren bila

Noiz argitaratua: 15/01/22 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Ana Margarida Fernandes

UPV/EHUko ikertzaile Ana Margarida Fernandes “puxtarri likidoak” edo “ur lehorra” deritzona ari da ikertzen. Ikerketaren helburua hau da: hobeto ulertzea nola jarduten den konposatu hori, material merkeagoak erabiltzeko aukera izateko; besteak beste, poliesterenoa. Orain arte, silizezko nanopartikulak erabiltzen ziren, askoz ere garestiagoak. Polymer aldizkari zientifiko ezagunak berriki argitaratu du Fernandesen Simple route to prepare stable liquid marbles using poly(ionic liquid)s ikerketa [Puxtarri likidoak prestatzeko metodo bakuna likido ioniko polimerikoak erabiliz].

Polimeroek osatutako estalki batean bildutako ur-tanta mikroskopiko bat duten zatikiek eratzen dituzte puxtarri likidoak. Hainbat elementu kimiko disolba daitezke ur horretan, haien propietateekin batera. Puxika likidoek etorkizun hurbilean erabilgarritasun handiak izan ditzakete, kosmetika-, nekazaritza- edo gastronomia-produktu berrien fabrikazioa merkatu eta hobetzeko duten gaitasuna dela eta.

“Puxika likidoei esker, solido bat balitz bezala manipula daiteke ura, eta, adibidez, ureztatze-sistemak sor daitezke, ura apurka-apurka aska dezaten; halaber, atmosferan berotegi-efektua eragiten duen karbono dioxidoa hiru aldiz gehiago xurgatzen eta atxikitzen dute. Horrez gain, kosmetikan hainbat aplikazio gara daitezke azaleko tratamenduetarako; besteak beste, hezegailuak. Izan ere, gorputza zaintzeko produktuen arloko zenbait multinazionalek konposatu hori oinarri duten produktuak merkaturatu dituzte jada”, adierazi du Ana Margarida Fernandesek.

Polimero arruntak

Puxtarri likidoen jarduera azaltzen du Fernandesen artikuluak, bai eta konposatu horren ezaugarriak eta propietateak ere: nola hobetzen duen material merkeagoen erabilera, eta, are garrantzitsuagoa, poliesterenoa erabiliz (polimerorik ugariena eta merkeena) egin daitekeela ur lehorra. Egun, silizezko nanopartikulak, askoz ere garestiagoak, erabiltzen dira ur lehorra egiteko.

Esfortzu ekonomiko eta logistiko itzela eskatzen du puxtarri likidoen fabrikazioak, baina UPV/EHUko ikertzaileen eta beste batzuen lanari esker, “oso erraz” egiteko aukera izango da laster. “Edonor izango da puxtarriak egiteko gai, laborategi sofistikaturik gabe; aski dira irabiagailu handi bat eta poliesterenoa ", dio Fernandesek.

Informazio osagarria

  • Ana Margarida Fernandes, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: