#GaiNagusiak

Tecnaliak irabazi du berrikuntzaren “Oscarra “, Google Mediko batengatik

Noiz argitaratua: 14/10/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Osasuna #Teknologia
 Biosimil

EARTO europar erakunde ospetsuak Tecnaliaren Biosimil proiektuari eman dio 2014ko Berrikuntzaren Saria, hots, lagin biologiko eta medikoen bilatzaile informatikoari, gaixotasunen diagnostikoa eta tratamendua hobetzen laguntzen duen sistemari. Saria, berrikuntzaren Oscartzat jotzen dena, Bruselan eman dute. Sari horrekin, Europan garatzen diren berrikuntza onenak saritu nahi ditu EARTOk, haiek martxan jartzeko bideragarritasunean eta haien inpaktu sozial eta ekonomikoan oinarrituta.

Tecnaliak garatutako Biopool izeneko osasun proiektu baten inguruan kokatzen den Biosimil sistema honen burua Ikerkuntzarako Eusko Biobankua da (Eusko Jaurlaritzaren Osasun saila) eta Tecnaliako ComputerVisionTeam-ak proiektuaren bazkide dira. Gainera, Zazpigarren Programa Markoaren laguntza du. Biosimil web-bilatzaile bat da, eta mundu osoko biobankuetan dauden irudi medikoak arakatzen ditu. Bilatzaile honek, %60an murriztuko du medikuek, unibertsitateek, ikerketa zentruek eta botikako konpainiek lagin biologikoak arakatzeko behar duten denbora. Horrek euren ikerketak eta aurkikuntzak bizkortzen lagunduko du eta hortaz, gaixoen tratamenduak moldatzen ere.

Biobankuak lagin biologikoak, hala nola tumore-ehunak, gordetzen eta hornitzen dituzten erakundeak dira. Ikertzaileek ezaugarri jakineko lagin ugari behar izaten dute proiektuak egiteko. Lagin horiek guztiak lortzeko, hainbat biobankurekin jarri behar dute harremanetan, bereziki gaixotasun arraroen kasuan. Google Medikoari esker, ikertzaile batek munduko edozein biobankutan bilatu ahal izango ditu ikerketarako behar dituen laginak, eta ez diote axola tokiak, hizkuntzak eta abarrek.

EARTO saria epaimahai independente batek ematen du. Hauek osatzen dute aurtengo epaimahaia: Jan-Eric Sundgren, Volvoko zuzendari exekutiboaren aholkulari nagusia; Hans-Jörg Bullinger irakaslea, Europako Batzordearen Ikerketa, Berrikuntza eta Zientzia Politikako Adituen (RISE) Goi Mailako Taldekoa (HLG); Clara de la Torre, Europako Batzordearen Ikerketa eta Berrikuntza zuzendaritzaren zuzendaria; Richard Hudson, ScienceBusiness-en sortzaile eta editorea; Allyson Reed, Warwickeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Harreman Korporatiboen zuzendaria; Leopold Demiddeleer, Solvay-ko Etorkizuneko Negozioen zuzendari ohia (Belgika); Christopher John Hull, EARTOko idazkari nagusi ohia.

Informazio osagarria

  • Biosimil, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Tecnalia
Itziar Blanco

Egilea: Itziar Blanco (VK Comunicación)

Laguntzailea: