#GaiNagusiak

Saguzar belarrihandi alpetarraren misterioa

Noiz argitaratua: 15/01/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 Belarrihandi alpetar bat hegan

Saguzar belarrihandi alpetarra Austriako Alpeetan aurkitu zuten 2003an; hortik datorkio izena. Gerora, ordea, Kroazian, Grezian, Kretan eta beste hainbat ingurune epelagotan ere aurkitu da, askotan itsas mailatik gertu, gainera. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa ikerketa-taldeko kideek espezie horren banaketa eta bizi-ohiturak aztertu dituzte, eta aurkitu dute batez ere ingurune alpetarretan (basoen goi-mugatik gora) elikatu eta ugaltzen den espeziea dela —saguzarren artean lehen aldiz—. Antton Alberdi biologoak azaldu duenez, “espeziearen izen arruntak aurkikuntza-lekua ez ezik, espeziearen izaera ere adierazten du”. Izan ere, ikerlariak ondorioztatu du belarrihandi alpetarrak erabiltzen dituen baliabideak hegazti eta karraskari alpetarrek erabiltzen dituzten berberak direla: besteak beste, Pirinioetan 1.500 eta 2.500 metro bitarteko garaieran bizi da, eta arroka azpitan, arrakaletan eta erlaitzetan gordetzen da.

Dena den, nola liteke Pirinioetan 1.500 metrotik gora soilik bizi den animalia bat Kroazian itsas mailan aurkitzea? Erantzun horren bila aritu da Alberdi bere doktore-tesian. Saguzar belarrihandi alpetarraren (Plecotus macrobullaris) banaketa zehazten duten ingurumen-baldintzak identifikatu eta kuantifikatu ditu Alberdik, ulertzeko zergatik dagoen espeziea ingurune menditarretara mugatuta baina, aldi berean, itsas mailan ere ager daitekeen. Gero, lortutako emaitzak beste espezie batzuetara estrapola daitezkeen ikusteko, 503 ornodunen banaketak konparatu ditu saguzarrarenarekin, eta saguzarraren antzeko banaketa duten bost ornodun identifikatu ditu: elur-txonta, belatxinga mokohoria, harkaitz-txoria, mendi-tuntuna eta elur-lursagua. Horiek guztiek banaketa oso zabala dute, Europa mendebaldetik Asiarainokoa, baina mendigune nagusietara mugaturik daude. Banaketa-eredu hori ulertzeko, haien ezaugarri ekologikoak aztertu ditu, patroi biogeografiko komun bati jarraitzen dioten ikusteko.

Toki malkartsuak behar dituzte

Bost ornodun horien eta saguzar belarrihandi alpetarraren oinarrizko ezaugarri ekologikoak oso antzekoak dira: arrokak (arrakalak, erlaitzak edo legarrak) erabiltzen dituzte gordetzeko, eta ingurune irekiak erabiltzen dituzte elikagaiak eskuratzeko. Ikusi dute, halaber, ingurune menditsu hotzetan (Alpeetan) zein beroetan (Irango mendietan, Siriako mendietan...) aurkitu daitezkeela, eta horrek iradokitzen du espezieok mendietara mugatzen dituzten ezaugarriak, klimatikoak beharrean, bestelakoak direla: topografiari lotutakoak. Alegia, ez daude mendiguneetan ingurune epelak jasan ezin dituztelako, goi-mendietako habitatek eskaintzen dituzten ezaugarriak behar dituztelako baizik. Kasu batzuetan —Kroazian, adibidez—, baldintza horiek altuera baxuetan ere topa daitezke, eta horrek azaltzen du zergatik aurkitu daitekeen espeziea itsas mailan. Bestalde, hotza jasateko gaitasuna dutenez, beste espezie batzuk ustiatu ezin dituzten habitat alpetarrak erabil ditzakete, lehia saihestuz. Nolanahi ere, "ezin da esan klimak batere eraginik ez duenik —adierazi du ikertzaileak—; izan ere, klimak ezartzen du espezie bakoitza zer altitude-tartetan ibil daitekeen".

Ikertzailearen arabera, espezieak kontserbatzeko, funtsezkoa da espezieen inguruko guztia jakitea: nola bizi diren, zergatik dauden dauden tokian... Espezie horien kasuan, beraz, klima-aldaketak ez du horrenbesteko eraginik izango etorkizunean; "gehiago erreparatu beharko zaie beste faktore batzuei: giza ustiapenari, larreen erabilerari...", adierazi du. Ikertzaileak uste du abeltzaintza-presioaren beherakadaren ondorioz gertatzen ari den baso-mugaren igoerak izango duela eragina espezie horietan. Izan ere, basoak gora egin ahala, espezie horientzako egokiak diren habitaten azalera murriztuz joango da, beste espezie batzuek ere gora egingo dute eta, hala, presioa handitu egingo da. Eragin hori zenbatesteko lanetan ari da orain.

  • Oharrak:

    Antton Alberdi (Elgoibar, 1987) Biologian doktore da. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa ikerketa-taldeko ikertzailea da. Taldea bederatzi ikertzailez osatzen da. Ikerketa-lanerako laginketak Pirinioetan, Alpeetan (Italia eta Eslovenia), Grezian eta Georgian egin ditu.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPV/EHU
  • Belarrihandi alpetar bat hegan, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: