#GaiNagusiak

Norabidea 2014: berrikuntzak Bizkaiko enpresetan duen garrantziari buruzko inkesta

Noiz argitaratua: 14/12/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak

Barrixek inkesta bat egin du Bizkaiko 2.001 enpresatan, enpresa horietako berrikuntzari buruzko errealitatearen erradiografia bat egiteko. Lortutako datuen arabera, kontsultatutako Bizkaiko enpresen % 51,8k adierazi du jarduera berritzaileren bat egin dutela azken lau urteetan.

Gainera, inkestak aukera ematen du berrikuntzaren intentsitate-indize bat kalkulatzeko, eta indize horrek Bizkaiko enpresen jarduera berritzailearen sistematizazio-maila neurtzen du. Bizkaiko enpresa berritzaileen % 28,4k berrikuntza-maila handia edo oso handia du.

Berritzen duten enpresen profila: sektore bereko beste enpresa batzuekin edo beste sektore batzuetako enpresekin eta berrikuntza-agenteekin lankidetzan dihardutenak; beren jarduerak garatzeko laguntza publikoak jaso dituzten enpresak; enpresa esportatzaileak, batez ere, esportazioa jardueraren atal garrantzitsutzat dutenak; antzinatasun gutxiko enpresak; inplementatutako ekintzekin beren igurikapenak ase dituzten enpresak.

Bestalde, Bizkaiko enpresen % 48,2k ez du inolako berrikuntza-jarduerarik egin azken lau urteotan. Horietatik % 76,4k uste du ez dela premiazkoa jarduera berritzaileak egitea.

Enpresek diote gaur egungo egoera ekonomikoak eragina duela beren jarduera berritzailean, eta horietatik bi herenek beren berrikuntzako helburuak murriztu dituzte; baina, etorkizunari begira, berrikuntzako inbertsio-ahaleginaren arloan gehienek egonkortasunaren aldeko apustua egin duten arren, bada joera positibo bat, zeinetan protagonismo handiagoa baitute produktu edo zerbitzu berrien ekimenek, marketinak eta merkaturatzeak.
Hona hemen Norabidea 2014 azterlanean analizatu diren alderdi batzuk: Bizkaiko enpresen jarduera berritzailea; berrikuntza-intentsitatearen indizea; enpresetako berrikuntzaren ezaugarriak; enpresa ez berritzaileak, nolakoak diren eta zergatik ez duten berritzen; kultura berritzailea: giza kapitala, ezagutzaren kudeaketa eta berrikuntza babesteko metodoak; lankidetza da berrikuntzarako bidea; marketin- eta merkaturatze-arloetako berrikuntzak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Dokumentua, Barrixe
  • icono_documento
    Txostena, Barrixe
Laguntzailea: