#GaiNagusiak

Nafarroako arro hidrografikoen higadura eta kutsadura, aztergai

Noiz argitaratua: 14/11/13 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Ingurumena

Nekazaritzako jardueretan erabiltzen diren kutsatzaile kimikoen (ongarriak, pestizidak, belar-hiltzaileak, etab.) soberakina euri-urak eramaten du, lurzoruaren higadurak sortutako sedimentuekin batera. Higaturiko materialak sare hidrografikora iristen direnean, uretan behera, ingurumen-inpaktu bat eragiten dute, sarea lohiz betetzen dutelako eta/edo kutsatzen dutelako. Rakel Gastesi Barasoainek bere doktoretza-tesirako erabili duen tresnak nekazaritzako higadura eta kutsadura zenbatzen ditu. Nafarroako erdialdeko arro batean aplikatu du tresna hori NUPeko doktore den Gastesik. Ikerketa horren emaitzetatik abiatuz, arro horretako azterketak beste eremu batzuetara aplikatzeko eta etorkizuneko egoerak aztertzeko aukera dago, eredu informatiko bati esker.

Nekazaritza-ingeniaria da Rakel Gastesi Barasoain, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin zituen ikasketak. Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Nekazaritzako Arro Esperimentalen Sareak hamar urtetik gorako aldian bildutako datuak erabili ditu ikerketarako oinarri gisara. Zehazki, Deierriko bailarako Tejeriako arroari buruzko datuetan oinarritu da. Gastesik dioenez, “meteorologia-datuak dira, sedimentuen sorkuntzari eta uren kalitateari buruzkoak. Datu horiei esker, lurraren egungo erabileraren eragina ebaluatzeko aukera dago, eta, epe luzean, arazoaren diagnostikoa egitekoa”.

Hortik abiatuta, “AnnAGNPS” (Annualized Agricultural Nonpoint Source Pollution) ingurumen-kudeaketarako ereduarekin lan egin du. Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuak garatu zuen eredu hori, zeina erreferentzia baita mundu osoan. Ura, sedimentuak eta gai kimikoak arroan nola garraiatzen diren simulatzeko sortutako eredu bat da; egokia, beraz, nekazaritza-jarduerak sare hidrografikoan duen eragina ebaluatzeko.

Egoeren aurreikuspena

Ikerketak erakutsi duenez, une batzuetan higadura-intentsitate handiak egoten dira, urte batetik bestera asko aldatzen badira ere; bestalde, nitrato-kontzentrazioa oso handia izaten da urte osoan, erregistratutako urte guztietan. Bestalde, laboreen nekazaritzak ere higadura-tasa handiak eragin ditzake, ikerketa horren arabera, batez ere lugorriarekin txandakatzen bada. “Batez ere neguko hilabeteetan gertatzen da sedimentuen deskarga La Tejeríako arroan, eta urtean behin edo bi aldiz kontzentratzen da”, dio Rakel Gastesik. "Batzuetan, iraupen gutxiko lubakiak (higadura-ibilgu txikiak) sortzen dira arroan. Higadura jasateko arrisku handiagoa duten lurzoru-erabileretan gertatzen da hori, hala nola lugorrietan eta ekilore-sailetan".

Halaber, higadura eta nekazaritzako kutsadura lausoa (ongarrien nitratoak eta fosfatoak) zenbatzen duen tresna bat kalibratu eta baliozkotu da Nafarroako erdialdeko arro horretan. Gastesik adierazi duenez, “simulazioek hobe funtzionatzen dute sasoi hezeenetan, batez ere erabilitako ereduaren osagai hidrologikoari dagokionez. Emaitzetatik abiatuz, aztergai den arroari buruzko analisiak beste eremu batzuetan gertatzen denera aplikatzeko aukera ematen digu ereduak”.

Inplementazio horri esker “egoki simulatu da zer gertatzen den arroan, eta, beraz, honelako egoera aztertzeko aukera ematen du: "Zer gertatuko litzateke, baldin eta...". Aztergai den labore-arroan (164 hektarea) lurzoruaren erabilera- eta maneiu-aldaketen hainbat egoera birsortu ditugu; kontserbazio tekniken eragina ikertu dugu, hala nola lantze txikiena eta hazkuntza-maila kurben arabera, edo lurzoruen erabilera aldatzea, larre bihurtzeko, higadura gehien eragiten duten lursailetan. Kasu bakoitzean, aldaketa horiek arroaren irteeran zer eragin duten jariatzean eta sedimentuen eta nitrogenoen sorkuntzan (urteko batez bestekoa) aztertu da".

Eredua kalibratu eta baliozkotu egin da, eta haren aurreikuspen-gaitasuna erabili. Beraz, arro-kudeatzaileek erabil dezakete jada; besteak beste, konfederazio hidrografikoek, nekazaritzako kooperatibek, industriak, nekazaritza-institutuek eta administrazioek, lurralde-politikako erabakiak hartzen laguntzeko nekazaritza-eskualde jakin baten kudeaketari dagokionez. Ikerketa horri esker, ekarpenak egin dira ereduaren aurreikuspen-gaitasuna hobetzeko eta aztertzeko, eta Amerikaz kanpoko lurraldean eta urteko hainbat sasoitarako tokiko euriteen banaketa tipoak kontuan hartzeko gaitasuna eman zaio AnnAGNPSri.

USDA (Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuko) National Sedimentation Laboratoryrekin zuzeneko lankidetzan egin da Efectos de la actividad agraria sobre los recursos hídricos y la erosión del suelo. Análisis y modelado en cuencas experimentales de la zona media de Navarra tesia. Javier Casalí Sarasibar eta José Javier López Rodríguez Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakasleek eta USDAko Ronald Bingner doktoreak zuzendu dute ikerlana, zeinak “bikain cum laude” kalifikazioa jaso baitu.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra
  • icono_documento
    Prentsa-oharra
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: