#GaiNagusiak

Mikroalgak CO2-aren aurka

Noiz argitaratua: 14/12/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Teknologia

Gure planeta honetako ingurumen-egoera desberdinak direla eta, mikroalga-laborantza ez da irtenbide guztiz eraginkorra CO2-aren eta berotegi-efektuko gasen emisioak atzitzeko; hori dela eta, ez dago munduko leku guztietarako balio duen fotobioerreaktore optimizaturik.

Testuinguru horretan, bada, sortu da I+Gko FLEXIPHO proiektua, zeina Estudios e Ingeniería Aplicada XXI, S.A (E.I.A. XXI, S.A) enpresa ari den garatzen, GAIKER-IK4 zentro teknologikoarekin elkarlanean. CDTIk onartu zuen proiektua, eta, besteak beste, Europako ekonomia-esparruko programak (EEA-GRANTS) finantzatzen du.

2015ean amaituko da ikerketa, eta hau du helburu: industriako gasen emisioek sortutako CO2-a atzitzeko, zenbait mikroalga-espezieren laborantzarako optimizatutako fotobioerreaktore (PBR) malgu baten diseinu kontzeptuala egitea. Eguzki-erradiazio urriko eremuetan egingo da laborantza. Industriako gasen korronteak argiztatzeko eta tratatzeko gailuen alorreko aurrerapen teknologikoak mikroalgen laborantzako teknologiarekin uztartzea du xede proiektuak. Izan ere, laborantza-eremuko, lurreko landareek baino hiru-bost aldiz biomasa gehiago ekoizten du mikroalgetarako teknologiak.

Mikroalgen aprobetxamendu osoan aditua den GAIKER-IK4k neurtuko du zer eragin duen eguzki-erradiazioa kontzentratzeko gailu batek argiztapen urriko mikroalga-laborantzaren errendimenduan. Halaber, prozesu industrialek aireratutako gasen konposizioa eta haiek arazteko tratamenduak ere aztertuko ditu, bai eta zenbait espezieren laborantzan gas horiek duten eragina ere. Azkenik, bi kasu praktikotan aplikatuko ditu aurreko bi faseetako emaitzak. Konposizio eta behar oso desberdinak dituzten bi mikroalga-espezie landatuko dira, haien errendimendua aztertzeko, bai biomasa-ekoizpenari, bai balio handiko konposatuen produktibitateari dagokienez (omega-3 gantz-azidoak eta antioxidatzaileak, besteak beste).

PBRaren diseinu kontzeptuala —proiektuaren xedea— izango da ikerketaren azken fasea, non prozesu osoaren bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta ingurumenekoari buruzko azterketa bat ere egingo den.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, Gaiker
Clara Bilbao

Egilea: Clara Bilbao (Elhuyar Fundazioa)

Laguntzailea: