#GaiNagusiak

Menopausiarekin lotutako gainpisua edo obesitatea murrizten du dieta mediterraneoak

Noiz argitaratua: 14/12/17 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna

Nafarroako Unibertsitateko eta Espainiako Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorreko (CGCOF) Nutrizio Ikerketako Zentroko adituek egin duten ikerketa baten arabera, zenbat eta atxikimendu handiagoa izan dieta mediterraneoarekiko, orduan eta txikiagoa da menopausiarekin lotutako gainpisua edo obesitatea izateko arriskua. Horixe argitaratu du, gaur, Menopause aldizkari estatubatuarrak, arlo horretako garrantzitsuenak.

CGCOFaren Elidakurako Kidegoaren Nutrizio Heziketako Espainiako V. Planaren barnean egin da ikerketa, eta menopausia aurreko edo menopausia osteko 8.954 emakumezkok hartu dute parte. Ikerketan baloratu da zer probabilitate dagoen gainpisua edo obesitatea izateko dieta mediterraneoarekiko atxikimendu-mailaren arabera; horretarako, nutrizio-eredu bat erabili da, eta menopausia-sintomak edo sintomarik eza ere izan dira kontuan.

Sintomak murriztea

Alfredo Martínez Nafarroako Unibertsitateko Nutrizioko katedradun eta taldeko ikertzaile nagusiaren arabera, "patroi dietetiko horri jarraituz gero, eta, gainera, gorputzaren masa-indize egoki bat edukiz gero, emakumezkoen etapa horietako bizi-kalitateak hobera egin dezake".

Ikerketaren helburu nagusia da bizi-ohitura osasungarriei eta dieta orekatu bati buruzko informazioa ematea herritarrei, osasun ona izan dezaten eta sintomak murrizten laguntzeko. Datuak Espainia osoko farmazietan bildu ziren, CGCOFren koordinazioari esker, eta Nafarroako Unibertsitatean aztertu ziren.

Batez ere, oliba-olioa (gantz-iturri nagusia) eta landare-jatorriko elikagaiak (barazkiak, frutak, zerealak eta fruitu lehorrak) kontsumitzea da dieta mediterraneoaren bereizgarria; orobat, eguneroko postre gisa fruta freskoa jatea, eta esnekiak (gazta eta jogurta), arraina eta eskortako hegaztiak neurrian hartzea; bestalde, haragi gorri gutxi jatea, eta otorduetan ardoa neurrian edatea.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, Nafarroako Unibertsitatea
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: