#GaiNagusiak

Landare-hormak, isolatzaile akustiko eraginkorrak

Noiz argitaratua: 15/01/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Teknologia
 Erreberberazio-gela

UPV/EHUko Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako Makina eta Motor Termikoa Sailean, eraikinen energia-efizientzia ikertzen dute hainbat materialen azterketak eginez. Zaloa Azkorra nekazaritza-ingeniaria landare-hormen edo horma berdeen efizientzia akustikoa eta energetikoa aztertzen hasi zen, zer etekin atera dakiekeen jakiteko; izan ere, halako hormak baliagarriak izan daitezke hiritarren bizi-kalitatea hobetzeko. Horma berdeak landare-moduluz osatzen dira: landareak polietilenozko kaxetan sartzen dira, eta irrigazio organiko bidez mantentzen; hots, negutegietan erabili ohi diren sistema hidroponikoen antzeko sistema baten bidez elikatzen eta ureztatzen dira landareok. Ez da lan erraza landareak hala haztea eta horma batean jartzea.

Horma berdeen soinu-xurgapena eta soinu-isolamendua aztertu dituzte ISO arauek ezartzen dituzten baldintzak betez. Soinu-xurgapenaren proba erreberberazio-gela batean egin dute (soinua islatzen duten materialez egindako hormak dituen gela, soinu bat norabide guztietan berdin islatzen duena), zenbait frekuentzia erabiliz. Eta, hala, ikusi dute horma berdeek zarata murrizteko oso errendimendu ona dutela, frekuentzia baxu zein altuetan (eraikinetan erabili ohi diren bestelako materialek ez bezala, haiek frekuentzia altuetan edo baxuetan bakarrik baitute errendimendu ona). Bestalde, soinu-isolatzaile gisa duten portaera ere aztertu dute: horretarako, laborategiko horma batean sartu dituzte landare-moduluak, eta neurtu dute zenbateraino isolatzen duten zarata. Ikusi dute hobekuntza sinple batzuk eginez (moduluen masa handituz edo moduluen arteko espazioa estaliz) sistemaren eraginkortasuna handitu daitekeela, eta, ondorioz, horma berdeak soinu-isolatzaile egokiak izan litezkeela.

Eraginkorra, baina garestia

Ikertzaileak proposatzen du eraikinetan, kanpoaldean zein barnealdean, landare-hormak jartzea, haiei esker tenperatura hobetu baitaiteke eta, are gehiago, onura akustikoak lortzen baitira. Gainera, "politak dira, eta freskoak" adierazi du. Baina, aldi berean, onartzen du garestia dela halako sistemak ezartzea eta, gainera, sistemak hobetu ere egin behar direla. Izan ere, Azkorrak adierazi duenez, "landareak hormetan jartzeaz gainera, landareak mantendu egin behar dira, eta hori nahiko garestia da". Horregatik, gaur egun, eraikin berezietan jartzea beste aukerarik ez du ikusten.

Landare-moduluak prest dituenez, haiekin azterketa termikoak egiten hasi da orain, tenperaturaren alderditik zer onura ekar dezaketen ikertu nahian.

  • Oharrak:

    Zaloa Azkorra (Bilbo, 1978) nekazaritza-ingeniaria da. UPV/EHUko Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako Makina eta Motor Termikoa Saileko irakasle da. Tesia Aitor Erkorekaren zuzendaritzapean egin du. Ikerketaren probak TECNALIAren Eraikuntza Kalitatearen Kontrolerako Laborategian egin ditu, Akustika Sailean. Horrez gainera, Almeriako Unibertsitateko Miguel Urrestarazu doktorearen laguntzarekin bideratu ditu moduluak, landareak eta probak.

Informazio osagarria

  • Erreberberazio-gela, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: