#GaiNagusiak

Klima-aldaketak zoruko ekosisteman duen eragina aztertzen ari da NEIKER

Noiz argitaratua: 14/11/24 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Ingurumena
 Argazkia

2011. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak Mikrobio Behatoki bat dauka Ordesa eta Perdidoko Parke Naturalean (Huescako Pirinioak). Behatokiaren helburua da klima-aldaketa zoruko ekosistemetan eragiten ari den inpaktua ebaluatzea, denboran zehar mikrobio-propietateen kontrola eginez. Ikerketaren guneak 1.500 eta 2.600 metro arteko altueran daude, eta horrek aukera ematen du klima-egoera mota asko izateko, eta ikusteko altuerak zoruaren eta zoruan bizi diren mikroorganismoen propietateetan nolako eragina duen. Hasierako emaitzek erakusten dutenez, mikrobioen propietateak bi gauzaren araberakoak dira: zoruko eskala txikiko ezaugarri fisiko-kimikoen araberakoak erabat, eta laginak hartzen diren unean dauden ingurumenaren araberakoak.

Ikerketa egiteko, mikrobioen ekologia irauli duten biologia molekularreko teknikarik aurreratuenak erabiltzen ari da NEIKER-Tecnalia. Zehazki, une hauetan sekuentziazio masiboko analisiak egiten ari dira, denbora-tarte labur batean mikroorganismoen gene asko sekuentziatzea eta identifikatzea ahalbidetzen dutenak. Lurpeko biosferaren sekuentziazio genetiko horren helburua da altueraren gradientean zehar mikrobio-komunitateek duten egitura eta funtzioa hobeto ulertzea.

NEIKER-Tecnaliaren Mikrobio Behatokiak lagundu egingo du hobeto ulertzen gaur egun klima-aldaketa zoruko mikrobio komunitateetan zer ondorio ari den eragiten eta horri lotutako prozesu ekologikoak zein diren. Behatokia dagoen ingurune alpinoa bereziki egokia da klima-aldaketaren behatokia egoteko. Alde batetik, urrutiko lekua da, zuzeneko eragin antropogenikoetatik nahiko bereizia, eta, horrenbestez, klima-aldaketaren gisako eragin globalak argi eta garbi hauteman daitezke, inguruneko faktore lokalagoen interferentziarik gabe. Gainera, mendian dauden altuerako gradienteek, aldi berean, gradiente klimatiko oso bereziak sortzen dituzte distantzia laburretan; hau da, altuera desberdinetan egoera klimatiko desberdinak aurkitzen dira.


Landareak eta makroorganismoak baino azkarrago egokitzen dira mikroorganismoak

Mikroorganismoak azkarrago egokitzen dira aldaketetara landareak edo makroorganismoak baino, eta, horri esker, bioadierazle bikainak dira ingurumen-estresaren iturriek ekosistemen funtzionamenduan eragiten dituzten inpaktuak neurtzeko. Oso garrantzitsua da zoruko ekosisteman klima-aldaketaren ondorioz gertatzen diren alterazioen erregistro bat edukitzea, etorkizunean zer etor daitekeen zehatzago iragartzeko. Garrantzitsua da nabarmentzea zorua dela gure baliabide nagusia; lurraren ekosistemaren oinarria da, eta gure elikagaien % 95 bertatik datoz zuzenean edo zeharka.

Funtsezkoa da mikroorganismoek zoruko ekosistemaren funtzionamenduan jokatzen duten rola. Zorua tradizionalki mineralez eta substantzia kimikoz osatutako izaki bizigabetzat hartu bada ere, bere bizi-funtzioen erantzuleak diren, eta, ondorioz, bere osasunaren erantzuleak diren ezin konta ahala mikroorganismo dauzka zoruak. Bizi-funtzio horiek dira, besteak beste, landare eta animalia hilen ehunen deskonposizioa eta nutrienteen birziklapena, nitrogenoa finkatzea, zoruaren egitura mantentzea eta gai kutsatzaileak deuseztatzea.

Klima-aldaketaren ondorioz, aurreikus daiteke epe luzera mendietako lurzoruko biotak ingurune garaiagoetara migratzea, ingurune bioklimatiko hobearen bila. Arazoa da migrazio horrek muga bat duela, hots, mendiaren gailurra, hortik gora ez baitago migratzerik edo ihes egiterik.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, NEIKER
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, NEIKER
  • Argazkia, NEIKER
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: