#GaiNagusiak

Klima-aldaketak azkartu egin du ardoa ekoizteko mahatsaren heltze-prozesua

Noiz argitaratua: 15/01/13 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Lurraren zientziak #Osasuna
 Johann Martínez-Lüscher

“Klima-aldaketaren ondorioz gertatzen ari diren tenperatura eta CO2-mailaren igoerak azkartu egin dute ardoa ekoizteko mahatsaren heltze-prozesua; horrek koloreari eragin dio, eta baliteke aromei ere eragitea”, adierazi du Johann Martínez-Lüscher-ek bere doktore-tesian. Ikertzaileak Nafarroako Unibertsitatean eta Bordeleko Unibertsitatean egin du tesia.

Biologoak adierazi du Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen aurreikuspenak betetzen badira, alegia, karbono dioxidoaren maila 700 ppm-ra iristen bada eta tenperatura 4 °C igotzen bada, "azukre-metaketa hain handia izan daiteke, ezen haren mendeko diren gainerako prozesuak ez baitira gai izango erritmoari eusteko. Azukre-kontzentrazio edo alkohol-maila bereko mahatsak alderatzean, klima-aldaketari dagozkion kondizioetan landutakoek kolorazio okerragoa dute, eta hori nabaritu egiten da ardoan".

Izan ere, "gero eta ohikoagoa da alkohol-maila handiko ardoak aurkitzea, mahatsak gehiegi heltzearen ondorioz". Nolanahi ere, klima-aldaketaren arabera, ondorioak aldatu egin litezke. "Adibidez, tenperatura edo CO2-mailak igotzeak eragiten dituzten ondorioen alderantzizkoak eragin ditzakete argi ultramorearen maila-aldaketek edo euri gutxiago egiteak. Horrek ez du gauza askorik argitzen etorkizunean etorriko denari buruz", adierazi zuen.

Ardoa, egoera berri batean

Esandakoa kontuan hartuta, ardogintzak irtenbideak aurkitu beharko ditu ingurumenak ezartzen dizkion erronkei aurre egiteko. “Heltze-prozesu mantsoagoa duten ‘klonak’ (azpibarietateak) erabiltzea izan liteke estrategietako bat. Bestalde, oso tentagarri izan daiteke toki bakoitzean landatzen diren barietateak ordeztea klima epelagoetara hobeto egokitzen diren beste batzuekin, baina gure ardoen tipikotasunari uko egitea eragingo luke horrek, neurri handi batean. Erabat pentsaezina".

Nolanahi ere, adituak adierazi duenez, klima-aldaketak aukera berriak ekar ditzake: adibidez, ardo-mota jakin bat ekoiztea klima hotzagoetan, lehen ezinezkoa zen tokietan. “Hori da, hain zuzen ere, Erresuma Batuan gertatzen ari dena; hain zuzen ere, ardoaren industria sortzen ari da han, eta, nik han jarraituko dut lanean”, adierazi du ikertzaileak.

Johann Martínez-Lüscher-en ikerketak finantziazio-iturri bat baino gehiago izan ditu: Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroa-Akitania mugaz gaindiko Lankidetza Programa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta Europako Batasuneko VII. Esparru Programa.

Informazio osagarria

  • Johann Martínez-Lüscher, Nafarroako Unibertsitatea
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, Nafarroako Unibertsitatea
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: