#GaiNagusiak

Kitosanoa, jakiak estaltzeko irtenbide jasangarria

Noiz argitaratua: 15/01/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Teknologia
 Argazkia

Itsasoak eta ibai-bazterrak plastikoz beterik daude, arrain askok plastiko-zatiak irensten dituzte, zabortegiak plastikoz gainezka ageri dira…; laburbilduz, ingurumenari kalte handia egiten diote petrolioaren deribatuez egindako estalki eta bilgarriek. Haien erabilera murrizteko,hain kaltegarriak ez diren materialen bila ari dira ikertzaile asko; besteak beste, Itsaso Leceta. Quality attributes of map packaged ready-to-eat baby carrots by using chitosan-based coatings ikerketa-lanean Lecetak frogatu zuenez, kitosanoz egindako estalkiek ongi eutsi zieten azenarioen kalitate-ezaugarriei, bai eta haiek luzaroago kontserbatu ere. Horrez gain, ingurumenari kalte txikiagoa egiten diote kitosanozko filmek plastikozkoek baino,inpaktu-kategoria ugaritan.

Ahalik eta luzaroen irauteko eta mikrobioetatik babesteko, besteak beste, estali ohi dira jakiak plastikozko filmez. Ingurumenari, ordea, kalte handia ari zaio egiten horrenbeste plastiko. Izan ere, nonahi ikusten dira plastikozko poltsak eta filmak, eta 100-400 urte behar izaten dira haiek degradatzeko. Horrenbestez, petrolioaren deribatu diren plastikoez bestelako materialak sortzea premiazko eginkizuna da, ingurumenari dagokionez.

Plastikoaren ordezko material horiek hainbat materialez egiten dira (zelulosaz, patataz…). Kasu honetan, kitosanoz egin dituzte estalkiak. “Ganba, otarrainxka eta beste krustazeo batzuen oskolekin egiten da kitosanoa. Ingurumenari mesede egiten zaio oskol horiek aprobetxatuta; horrez gain, produktu biodegradagarri bat egiten da, kitosanoa alegia”, dio Lecetak. “Produktu horrek propietate antimikrobianoak ere baditu, eta oso aproposa da, hortaz, elikagaien industriarako”, gaineratu du. “Azenarioen karga mikrobianoa murriztu egin du kitosanoak.Hori dela eta, hobeto eutsi diete beren propietateei”.

Zer da “hobea”: itsua ala gorra?

Laborategiko probek emaitza onak ekarri arren, elikagaiak ontziratzeko kitosanoaren erabilera industrial masiboa ez da berehalako kontua izango. “Oraindik ere ikerketa gehiago egin behar da. Energia berriztagarriekin gertatzen den bezala, bakarra ez da aski; hobe da ‘mix’ bat egitea. Biopolimero ezberdinekin lan egitea komeniko litzateke, petrolioaren deribatu diren materialak ahalik eta gehiena murriztuz joateko”, dio Lecetak. Dena dela, positiboa da egindako lanaren bere balorazioa: “Bizi-ziklo osoa kontuan hartuz gero, hobea da gure materiala petrolioaren deribatuekin egindakoak baino,ingurumen-kategoria ugaritan gainera. Izan ere, ingurumena da gakoa, eta hori izan du ardatz nire tesiak. Ingurumenaren aldetik hobea den material bat ez badugu lortzen, ez du zentzurik gure lanak”.

Nolanahi dela ere, oro ez da urre, eta hala aitortu du Lecetak: “Ingurumenari dagokionez, plastikozko filmak baino hobea da kitosanozkoa, ingurumen-inpaktuen kategoria ugaritan. Hala ere, horrek ez du esan nahi kutsatzen ez dutenik. Ohiko plastikoen produkzioan gertatzen ez den bezala, kitosanoaren manufaktura optimizatu gabe dago, oraindik. Optimizatuz gero, are gehiago murriztuko litzateke kitosanoaren ingurumen-inpaktua”. Laburbilduz, konponbide guztiek dituztela beren alde txarrak, eta kalte txikiena eragiten duen hura hautatzean datzala gakoa: “Zer da ‘hobea’: itsua izatea, ala gorra? Bada, antzeko erabakiak hartu behar izaten ditugu guk ere”, adierazi du ikerketaren egileak.

Informazio osagarria

  • Argazkia, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: