#GaiNagusiak

Izar masiboen heriotzaren ikuspegi berritzailea ematen du supernoben eta gamma izpien leherketen ikerketa batek

Noiz argitaratua: 14/12/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Espazioa

Nazioarteko partzuergo batek, zeinetan UPV/EHUk, Ikerbasquek eta CSICek hartzen baitute parte, artikulu bakar batean argitaratu du hiru supernobaren eta haiei dagozkien gamma izpien leherketen (Gamma-Ray Bursts edo GRB, ingelesez) aldibereko ikerketa batean lortutako datuen bilduma bat. Ikerketa horretan, estatistikoki egiaztatu dute gamma izpien leherketak dituzten supernobek nikel gehiago emititzen dutela GRBrik ez dutenek baino. Ikerketa-lanean, hemeretzi herrialdetako ikertzaileek hartu dute parte, eta mundu osoko hamahiru teleskopio erabili dira. Ikerketaren emaitzak Astronomy & Astrophysics aldizkari entzutetsuan argitaratu dira.

Gamma izpien leherketak edo GRBak gamma erradiazioaren distira labur eta biziak dira; ausaz gertatzen dira, eta, batez beste, egunean hiru ikus daitezke. 2003az geroztik, astrofisikariek uste dute gamma izpien argi bizi horietako asko supernobekin lotuta daudela; baina supernoba guztiek ez dituzte gamma izpiak emititzen.

Kalitate handiko datuak

Nazioarteko partzuergoak lagin hau erabili du ikerketan: hiru GRB eta haiei dagozkien supernobak. Nabarmendu beharra dago supernobetako batean lortutako datuen kalitateari esker leherketan sortutako neutroi-izarraren propietateak aztertu ahal izan direla. Zehazki, kalkulatu ahal izan da neutroi-izarrak zenbait kilometroko erradioko ziba erraldoi baten gisara jokatzen duela, errotazio-periodo handiarekin (12 milisegundo) eta eremu magnetiko handiarekin (100 bilioi gauss; konparazio baterako, Lurraren eremu magnetikoa 0,5 gaussekoa baino ez da).

GRB baten eta supernoba baten lotura ikertzeko, ahalegin handia egin behar izan da nazioartean; izan ere, hori egiteko, nahitaezkoa da hainbat behatokitako teleskopioek distiraren bilakaera monitorizatzea zenbait hilabetean. Horrek azaltzen du zer dela-eta ez den argitaratu nazioarteko literaturan kasu bakan batzuk besterik, dagoeneko GRB eta supernoba bana lotu zirenetik hamaika urte pasatu direnean. Ikerketa berritzaile horrek hiru supernobari lotutako hiru GRB biltzen ditu argitalpen bakar batean; jauzi kualitatibo eta kuantitatibo handia egin da, GRBei lotu zaizkien supernoba-kopuruari dagokionez. Nazioarteko partzuergo handi horietako batean lehen aldiz parte hartu ahal izan du UPV/EHUk.

Izar “txikiak” eta izar “masiboak”

Duela zenbait hamarkadatik, astrofisikariek badakite izarrak jaio, garatu eta hil egiten direla, zenbait modutan. Ikerketa ugari egin dira arlo horretan, eta, haiei esker, izarrak zer mekanismoren bidez hiltzen diren uler daiteke. Jakina da izar "txikiak" (gutxi gorabehera Eguzkiaren masa baino bederatzi aldiz masa txikiagoa dutenak) lasai hiltzen direla, pixkanaka itzaltzen baitira metal gori bat hoztuz joaten den bezala. Eguzkia halakoa da; luzaroan bizi daiteke (10.000 milioi urte arte, gutxi gorabehera), behin betiko itzali baino lehen. Izar "masiboek" (10 eguzki-masatik gorakoak, gutxi gorabehera), bestalde, bizitza gorabeheratsuagoa dute. Bizitza labur baten ondoren —30 bat milioi urtekoa gehienez—, masa handiko izar horiek bortizki lehertzen dira supernoba moduan.

Izar bati erregai nuklearra agortzen zaionean gertatzen den leherketa esferiko konplexu baten emaitza da supernoba bat. Astrofisikariek ikusi dute leherketa horien barnealdean dentsitate oso altuko objektu zentral bat sortzen dela. Leherketaren ondoren geratzen den objektu zentrala neutroi-izar edo zulo beltz bat izan daiteke, izarraren masaren arabera. Objektu horien dentsitatea hain da altua ezen harea-pikor batean hegazkin komertzial baten masa guztia kontzentratzearen baliokide izan baitaiteke.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: