#GaiNagusiak

Internet bidezko eskola-jazarpenaren aurkako prebentzioa

Noiz argitaratua: 14/12/17 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Gizarte-zientziak
 Maite Garaigordobil

Maite Garaigordobil Euskal Herriko Unibertsitateko Ebaluazio Psikologikoko katedradunak zuzendutako taldeak hainbat urte eman ditu ikasgeletan lan egiten, handitu doan arazo hori ebaluatu eta aztertzeko. Ikerketa horretatik, esku hartzeko programa bat sortu da, Internet bidezko eskola-jazarpena saihestu eta murrizteko: “Cyberprogram 2.0” (Pirámide argitaletxea, Madril, 2014). Programa hori aurreko ikasturtean ezarri zen Gipuzkoako hiru ikastetxetan. Guztira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 13 eta 15 urte arteko 176 nerabek (% 48 mutilak eta % 56,2 neskak) parte hartu zuten parte programan.

Lagin osotik 93 parte-hartzaile bost talde esperimentaletan banatu, eta beste 83k lau kontrol talde osatu zuten. Emaitzek egiaztatu dutenez, “Cyberprogram 2.0” tresna eraginkorra da berdinkideen arteko edonolako indarkeria saihestu eta murrizteko. Programan parte hartu ez duten nerabeen aldean, txikitu egin da Interneten bidezko eskola-jazarpeneko erasotzaileen ehunekoa dutenen artean bai “aurrez aurreko” bai Internet bidezko erasotzaileen ehunekoa eta handitu jokabide sozial positiboak, enpatia edo autoestimua.

Garaigordobil irakaslearen taldeak bi ikasturtetan (2011-2013) egindako azterlanean oinarritzen da programa. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan zein pribatuetan DBH eta Batxilergoa egiten zituzten 12 eta 18 urte arteko 3.026 ikaslek (% 48,5 mutilak eta % 51,5 neskak ziren) hartu zuten parte. “Aurrez aurreko” lau jazarpen-mota (fisikoa, ahozkoa, soziala eta psikologikoa) eta Interneten bidezko eskola-jazarpeneko 15 jokabide (pasahitza lapurtzea, norbaiten lekua hartzea, dei eta mezu iraingarriak...) ebaluatu zituen ikerketak. Datuek adierazten dutenez, azken urtean gazteen % 83,7k esku hartu dute eskola-jazarpeneko egoeretan; horietatik, % 39,2 biktimak ziren, % 38,4 erasotzaileak eta % 79,5 behatzaileak. Halaber, ikerketak jakinarazi du hiru biktimatik bi erasotzaileak zirela. Internet bidezko eskola-jazarpenari dagokionez, azterlanak adierazi zuen gazteen % 69,8k nolabait esku hartzen zutela Internet bidezko eskola-jazarpeneko egoeretan: % 30,3 biktimak ziren; % 15,5, erasotzaileak, eta % 65,1, behatzaileak. Halaber, egiaztatu da hiru biktimako bat erasotzailea zela.

Kasu horietan, funtsezkoa da familiaren eta eskolaren arteko lankidetza. “Ikasgeletan prebentzioa garrantzitsua bada ere, familia funtsezkoa da, giza garapenean lehen mailako sozializazio eremu garrantzitsuena baita. Erasotzaile baten gurasoek biktimari eragindako kaltea konpontzen lagundu behar diote, eta ez dute esan behar jokabide desegoki hori ‘umeen kontuak’ direnik. Azterlan honetan egiaztatu dugu seme-alabekiko afektibitate, maitasun eta konpromiso handien eta arrazoizko zigor, diziplina eta hertsaduraren nahasketa heziketa eredu egokiena dela; izan ere, erasotzaile gazteen familietan maitasun, afektibitate eta seme-alaben bizitzarekiko konpromiso urriak eta batzuetan zigor asko daudela ikusi dugu”, dio ikertzaileak

Informazio osagarria

  • Maite Garaigordobil, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: