#GaiNagusiak

Inguruneko kutsatzaile batzuek moteldu egiten dute haurren garapen motorra

Noiz argitaratua: 15/01/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Osasuna
 Argazkia

Gaur egun, konposatu organokloratuak debekatuta daude, baina, lehenagoko erabileraren ondorioz, ingurunean dauzkagu: toki askotan daude, besteak beste, elikadura-katean eta lurzoruan. Ikerketa INMA proiektuan (Infancia y Medio Ambiente) sartuta dago, zeinaren bidez ikertzen baitira ingurunean dauden kutsatzaile kimikoek zer eragin izan dezaketen haurren garapenean. Horrekin lotuta, UPV/EHUko ikertzaile Aritz Aranbarri doktoreak ikertu du zer eragin duten hiru konposatu organokloratu motak —hexaklorobentzenoak (HCB), diklorodifenildikloroetilenoak (p,p'-DDE) eta poliklorobifeniloak (PCBak)— garapen neuropsikologiko goiztiarrean. Ikertzaileak azaldu duenez, garapen-funtzioak (besteak beste, lengoaia, motrizitate xehea eta larria, arreta, oroimena...) genetikak gidatzen dituen arren, haurra inguratzen duen guztiak ere badu eragina garapen-funtzioetan, bai eta jaio aurreko fasean edo fetuaren garapen-fasean zerekiko esposizioa izan duen ere.

Ikerketa honen oinarria ikerketa epidemiologiko bat da, eta, horretarako, datu asko bildu behar izan ditu. Batetik, amari dagozkion datuak lortu dituzte: konposatuen odoleko maila haurdunaldiko lehen hiruhilekoan eta zilbor-hesteko odoleko maila haurra jaiotakoan; bestalde, Osakidetzako ohiko kontsultak baliatuz, amaren bizi-ohiturei, dietari eta abarri buruzko informazio osagarria lortu dute. Bestetik, fetuaren garapenaren segimendua egin dute (haurdunaldia monitorizatuz), eta, ondoren, hainbat datu hartu dituzte haurraren zenbait hazkuntza-fasetan: Osakidetzako ohiko bisitetatik lortutako datuak (neurri antropometrikoak eta abar), eta garapen kognitibo eta motorra aztertzeko ebaluazio neuropsikologiko osagarri bat egin dute haurrak 26 hilabete zituenean. Zehazki, ikertzaileak adin horretako 537 haur ebaluatu ditu.

Zumarragako Ospitaleko eremuan egin da ikerketa (alegia, Zumarragako Ospitalean, eta Zumarragako, Beasaingo eta Azkoitiko osasun-zentroetan), haurdunaldi-prozesuan artatze-lanetan aritzen diren profesional guztien laguntzaz. Ikerketarako eremu hori hautatu zen Gipuzkoako industriaren muinetik hurbil dagoelako eta eskualdeko ospitalea delako. Horrez gainera, pazienteek beren borondatez hartu dute parte ikerketan, eta, Aranbarri doktoreak adierazi duenez, "ikerketak % 71ko adierazgarritasuna izan du; oso emaitza ona da hori, mota horretako ikerketa publiko batentzat".

Emaitzak ez dira kezkagarriak; bai, ordea, adierazgarria

Odoleko kontaminazio-neurrietatik lortutako emaitzek adierazten dute konposatu organokloratu horien mailak oso antzekoak direla halako ikerketak egin dituzten beste herrialde garatu batzuetako mailekin alderatuta. "Oso-oso maila baxuak dira", ondorioztatu du Aranbarri doktoreak. Oso maila baxuak izanik ere, Gipuzkoan PCBen maila handiagoa da estatuko beste toki batzuekin alderatuz, eta maila hori bat dator tokiko industria-historiarekin.

Halako ikerketa batean, ikertzen den aldagaian eragiten duen guztia izan behar da kontuan, ondorio faltsuak saihesteko. Hortaz, haurren garapenari lotutako aldagaien efektua kontrolatu ondoren (besteak beste, familiaren testuingurua eta maila soziala, haurdunaldiaren ezaugarriak eta haurren garapen antropometrikoa), ikertzaileak ondorioztatu du erlazio esanguratsua dagoela jaio aurreko organokloratuekiko esposizioaren eta garapen motor txikiagoaren artean. Hau da, ikusi da garapen motor txikiagoa —betiere, normaltasunaren barnean— hauteman zaien haurrek lotura dutela konposatu horien maila handiagoko jaio aurreko esposizioarekin. Batzuen eta besteen arteko garapen motorraren aldea ez da klinikoki esanguratsua, ez da patologikoa; estatistikoki esanguratsua da populazioaren ikuspegitik, "garapen-parametro normaletan baitaude", adierazi du. Bestalde, ez da inolako erlaziorik hauteman konposatu horien eta garapen kognitiboaren artean. Esan beharra dago laborategietako ikerketetatik eta lanbidearekin lotuta edo ingurumen-istripuen ondorioz esposizio akutuak izan dituzten gizakiekin egindako ikerketetatik ondorioztatzen direla, batez ere, konposatu horiei esleitzen zaizkien propietate neurotoxikoak.

Garunaren garapenean, efektu biologikoez gainera, eragin handia du pertsonaren ingurune sozialak. Ikerketa honen ondorioek berresten dute lotura positibo eta esanguratsua dagoela familia-testuinguruaren kalitatearen eta garapen kognitibo goiztiarraren artean; baina, bestalde, eragin hori ez da hauteman funtzio motorretan, eragin biologikoen mendekoago baitira.

Ikertzaileak ondorioztatu duenez, "osasun publikoaren ikuspegitik dira garrantzitsuak emaitzak; izan ere, kontuan hartuta oso maila baxuak aurkitu direla, populazio-mailan beren eragina hautemateko moduko neurotoxikotasuna dute konposatu horiek". Ondorio horiek bultzada ematen diote halako substantziekiko esposizioarekin lotutako arriskua zein den jakiteko eta murrizteko estrategian aurrera egiteko mundu mailako ideiari.

  • Oharrak:

    Aritz Aranbarri Paredes (Azkoitia, 1982) Psikologian doktorea da (UPV/EHU, Donostia). Psikologiako ikasketak Salamancako UPSAn egin ditu. Bi master egin ditu: Neuropsikologia eta Jokaeraren Neurologiako masterra (UAB, Bartzelona) eta Psikologia Ikerketa masterra (UPV/EHU, Donostia). Impact of prenatal organochlorine compounds on early neuropsychological development tesia idatzi du UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Sailean, BioDonostia Osasun Ikerketako Institutuko Ingurumen Epidemiologia eta Haurren Garapeneko ikerketa-taldearekin lankidetzan, eta Eduardo Fanoren eta Jesus M. Ibarluzearen zuzendaritzapean.

Informazio osagarria

  • Argazkia, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: