#GaiNagusiak

Indumetal Recycling, hondakin elektriko-elektronikoekin kalitateko plastikoa egiteko proiektu baten buru

 Plastiko-nahastea

Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinen (GEEH) tratamenduarekin kalitate handiko azpiproduktu bat egin daitekeen ari da ikertzen Indumetal Recycling. Urtean 3.000 tona plastiko birziklatu behar ditu ikerketa egiteko.

Indumetal Recycling du buru FENIX proiektuak, eta erakunde hauen laguntza jasotzen du: Eusko Jaurlaritzarena, IHOBE sozietate publikoaren bitartez; ekonomia zirkularreko ZICLA ingeniaritza-bulegoarena, GAIKER-IK4 zentro teknologikoarena eta kalitateko plastikozko grantza egiten duen ALIGOPLAST enpresarena. Nahaste-eduki handia dela-eta zabortegira eramaten den GEEHen birziklatze-prozesuko frakzio nagusia murrizteko aukera emango du proiektuak. Osaera oso heterogeneoa izaten du plastiko-hondakin horrek, zeina gailu elektriko eta elektronikoen birziklatze-prozesuan sortzen baita, haiek deskontaminatu ondoren. Zenbait birrintze-, bereizte- eta sailkatze-prozesuren bidez egiten da prozesua.

Urtean 3.000-5.000 bat tona material ekoizten ditu Indumetal Recyclingek Asuan duen instalazioak. Ehota eta 15 mm-tik beherako diametrodun zati txikitan aurkezten da materiala. Material balorizagarriak dira, potentzialki, batez ere hainbat jatorritako plastikoak eta hondakin metalikoak. Horiek bereiz eta behar adinako kalitatearekin berreskuratu ondoren, material birziklatuen merkatura bidera daitezke. Indumetal Recycling buru duen partzuergoaren ikerketen arabera, hondakin-multzo horretarako aurkitzen den lehen konponbide praktikoa izan liteke hizpide dugun hau.

Fluxu eta tenperaturen araberako materialen fusio- eta iragazte-kontzeptu berritzaile bat da nahaste plastikoak bereizteko teknologiaren berrikuntza nagusia. Prozesu aitzindaria da, Europa osoan, eta, proiektuak aurrera egitekotan, urrats handia izango da GEEHen kudeaketarako cleantechentzat, bai Euskal Herriko instalaziorako, bai nazioartean negozio-lerro independente gisara hedatzeko.

PGoi-kalitateko plastiko estirenikoz egindako produktu plastiko bat (grantza) izango da prozesu berritzaile horren emaitza. Merkatura lehengai berri gisara itzultzeko egokituko dira plastikoak. EAEn jasotzen diren GEEHei buruzko EUSTATen datuen arabera, 2012an bildutako 9.630 tonetatik 6.666 birziklatu egin ziren. Datu horiek estrapolatuta, urtean 7.000 tonara irits liteke, EAEn, GEEHen birziklatu gabeko frakzioa. Zifra horiek eta aurretratamendu-prozesu baten eta proposatzen den teknologia berriaren galera estandarrak kontuan hartuta, 18.900 tona inguru balorizatuko lirateke hiru urteren buruan; bost urtean, berriz, 31.500 tona.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren laguntza jasotzen du proiektuak, Ekonomia Zirkularraren Erakusketa Proiektuen 2014ko deialdian onenen artean hautatua izan baitzen, arrazoi hauengatik: ingurumenaren hobekuntzari egiten dion ekarpenagatik, ekonomia berdea eta ekoberrikuntza sustatzeagatik, eta gehienbat hondakindegira eramaten diren hondakinetatik berriro merkatu industrialera itzultzeko goi-kalitateko azpiproduktu bat egitearren balio-kate osoaren lankidetzagatik.

  • Interneteko helbidea:

    www.indumetal.net

  • Inf. oharrak :

    Fotos del concentrado plástico objeto de tratamiento y del grupo integrante del consorcio de empresas del proyecto

Informazio osagarria

  • Plastiko-nahastea, ICG 2025
  • Partzuergoa, ICG 2025
Orkatz Orrantia

Egilea: Orkatz Orrantia (icg2025 SA)

Laguntzailea: