#GaiNagusiak

Ikerbasquek 25 ikertzaile kontratatuko ditu 2015ean

Noiz argitaratua: 14/12/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak

Ikerbasqueko Patronatuak Fundazioaren 2014ko jarduera baloratu eta 2015erako 25 ikertzaileren kontratazioa onartu du bilera batean. Lanpostu berri horietako hamabost ikertzaile gazteei zuzenduta daude, eta gainontzeko hamarren bitartez, Research Professors edo ikertzaile kontsolidatuak kontratatuko dira. Kontratazio horiek europar finantzaketa izango dute.

Ikerbasquek bi ikertzaile-profil ditu gaur egun: alde batetik, Research Professors delakoa, nazioarteko esperientzia luzea eta lidergo-gaitasuna duten ikertzaile kontsolidatuei zuzendutakoa. Haien artean daude ERC laguntzak —Europako garrantzitsuenak— dituzten ikerketa-zentroetako zuzendariak eta ikertzaileak. Gaur egun, puntako eremuetan lanean diharduten 137 Research Professor kontratatuak ditu Ikerbasquek Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan, besteak beste, nanoteknologien, endekapenezko gaixotasunen, astronomiaren eta mintzamenaren arloetan aritzen dira haiek ikertzen. Fundazioaren patronatuak gaur goizean hartutako erabakiari jarraiki, 2015ean, nazioarteko deialdi berri bat antolatuko da beste hamar ikertzaile senior aukeratzeko.

Bestalde, hainbat jakintza-arlotako 40 urtetik beherako adituak Euskadira ekarri eta bertan atxikitzeko eta zientzialari eta ikertzaileen “harrobi” bat sortzeko diseinatuta dago Research Fellow deritzon programa. Gaur egun, Ikerbasquek era askotako ikerketa-ildoak barne hartzen dituzten 43 ikertzaile gazte ditu kontratatuak. Kontratatutakoen % 20k Medikuntza eta Bizitza Zientzietan lan egingo du, % 50ek Zientzia Esperimentaletan, % 7k Giza Zientzietan, % 11k Gizarte Zientzietan eta % 11k Ingeniaritzan eta Zientzia Teknikoetan.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Ikerbasque
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, Ikerbasque
Ainhoa Madariaga Martinez

Egilea: Ainhoa Madariaga Martinez (Ikerbasque)

Laguntzailea: