#GaiNagusiak

i-Sare, Gipuzkoako lehen mikrosare elektriko adimenduna

Noiz argitaratua: 14/12/18 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena

Elkarrekin koordinatuta dauden ekipoak konbinatzen dituzten sistema elektrikoak dira mikrosare adimendunak, eta hau dute helburu: ahalik eta gehiena doitzea sortzen den energia unean uneko eskarira, betiere ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzearren (energia-kosturik txikiena, alegia). Espainiako estatuko lehenbiziko mikrosare esperimentala da i-Sare Microgrid Gipuzkoa; Donostiako 27. industrialdean dago, eta 400 kWeko potentzia du. Elektrizitatea sortzeko eta biltegiratzeko zenbait teknologiaren eraginkortasuna eta bideragarritasuna probatzeko eta garatzeko "saiakuntza-bankua" izango da mikrosare hori. Epe labur, ertain eta luzera produktu, zerbitzu eta ekipo berriak garatzeko lagungarri izango zaie i-Sare sektoreko euskal enpresei, gero haiek merkaturatu ditzaten. Hartara, hobetu egingo da enpresa horien posizioa nazioartean, areagotu egingo dira haien ahalmenak, enplegua sortuko dute, eta negozio-lerro berriak zabalduko.

Energia eraginkortasunez kudeatzen duenez, baliabideak optimizatuz eta energia era automatizatuan eta adimentsuan banatuz, energia aurrezten, kostuak murrizten, azpiegiturak hobeto erabiltzen eta sistemaren fidagarritasuna areagotzen laguntzen du i-Sarek. Hona zer lortu nahi den mikrosarea erabiliz: hainbat energia berriztagarriren erabilera sustatzea, berotegi-efektuko gasen emisioak gutxitzea, eta etorkizuneko Smart Grideko sare elektrikoen funtzionamenduaren ingurumen-inpaktua jaistea.
Gipuzkoako Foru Aldundia da i-Sare proiektuaren gidari, Euskadiko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioen Clusterraren (GAIA-Cluster TEIC), IK4 Research Alliance, Jema Energy, Cegasa Internacional, Electro TAZ, Ingesea, Oasa Transformadores, IK4-Cidetec eta IK4-Teknikerren laguntzarekin, eta Ceit-IK4, Donostiako Sustapena eta Iberdrola ditu bazkide laguntzaile.

Zazpi milioi euro inbertitu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskadiko FEDER Programa Operatiboak (2007-2013) eta proiektuko partaide diren enpresa eta zentro teknologikoek i-Saren.

Gipuzkoako Energia 2012-2015 Foru Planaren mendekoa da mikrosare hori, zeina lagungarri izango baita energia-sistema jasangarriago bateranzko trantsizioa azkartzeko, eta, hala, Gipuzkoak errazago betetzeko energia-aurrezpenaz eta -eraginkortasunaz zein energia berriztagarrien erabileraz Europar Batasunak ezarritako helburuak.

Begoña Benito

Egilea: Begoña Benito (GAIA)

Laguntzailea: