#GaiNagusiak

Honoris causa doktore izendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak Adolfo Eraso Romero kimikari eta geologoa

Noiz argitaratua: 14/10/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika #Lurraren zientziak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko honoris causa doktore izendatu dute Adolfo Eraso Romero kimikari eta geologoa (Lizarra, 1934), haren ikerketa-jarduera saritzeko. NUPeko Gizarte Kontseiluak erabaki du izendapena, Matematika Saileko Esteban Induráin katedradunak proposatuta.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean egin zituen Kimika Zientzietako ikasketak Adolfo Erasok (lizentziatura, 1957an), eta han jaso zituen Hidrogeologia Orokor eta Aplikatuko diploma (1967), Geomorfologia Aplikatukoa (1974) eta Neurri Sistema Analogikoetakoa (1974). 1975ean egin zen Geologiako doktore, unibertsitate horretan bertan, non aparteko saria ere eman zioten.

New Yorkeko Academy of Scienceseko akademikoa da 1994az geroztik, bai eta Russian Academy of Natural Sciences akademian onartutako lehen espainiarra ere (2002). Hainbat sari eta aitorpen jasoa da bere ibilbide profesional luze horretan; besteak beste, Espainiako Mendiko Federazioaren Urrezko Domina (1977), Oviedoko Unibertsitateko Domina (1994) eta Nafar Ateneoaren domina (1995) jaso zituen, eta Kubako Espeleologia Elkarteko ohorezko kide (1983), Espainiako Batzorde Olinpikoko kide (1984-1993), UIS Nazioarteko Espeleologia Batasuneko ohorezko kide (1986) eta Urteko Ohorezko Lizarratar izendatu zuten (1994).

Glaziarrak eta klima-aldaketa

Hauek izan ditu ikerketa-lerro nagusiak: petrolio-indusketak, geologia aplikatua eta geoteknia, hidrogeologia aplikatua eta ingurumena, naturako prozesu fisiko-kimikoak eta glaziologia. Ospetsua da, mundu osoan, azkena aipatu dugun jakintza-alor horretan, glaziarren azpiko drainatzeari, glaziarren erregresioari eta aldaketa klimatikoan hark dituen eraginei buruz egin dituen lanengatik.

GLACKMA Proiektuko zuzendaritzako kide da Adolfo Eraso, Carmen Domínguezekin batera, 2001. Urteaz geroztik. Programa horrek glaziarrak erabiltzen ditu berotze orokorraren bilakaeraren sentsore natural moduan. Espainiako Geografia Elkarteak Sari Nazionala eman dio aurten alor horretan egin duen lanagatik.

Bostehun bat artikulu zientifiko argitaratu ditu Espainiako eta nazioarteko zenbait aldizkaritan, eta 300 txosten profesionaletik gora egin ditu hainbat enpresatarako, bai eta hogei bat liburu ere, beste egile batzuekin lankidetzan. Eraso doktoreak idatzia da Método de Predicción de las Principales Direcciones de Drenaje en el Karst y Otros Medios Anisotrópicos (1985-1986) lana, 100 aldiz baino gehiagotan aplikatua Europako, Latinoamerikako, Afrikako iparraldeko, Ekialde Hurbileko, poloetako eskualdeetako eta Txinako hainbat lekutan. Metodo hori ematen da, egun, Frantziako Tolosako Institutu Politeknikoan eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.

Mendizale eta espeleologo aditua ere bada, eta Espainiako batzorde olinpikoko kirolari zela, San Martingo siman sartu eta hura aztertu zuen lehenbizikoetako bat izan zen. Nafarroako leize gehienen mapa karstikoak egin ditu, bere zaletasunak zientziarekin eta kirolarekin uztartuta.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendatzen duen hamaikagarren honoris causa doktorea da Adolfo Eraso, hauen ondotik: Manuel Losada Villasante (1997), Ángel G. Jordán Goñi (2000), Joseph D. Novak (2001), Enrique Sánchez-Monje y Perallada (2004), Rafael Moneo Vallés (2007), Pedro Miguel Etxenike (2008), Richard Serra (2009), Montxo Armendáriz (2010), Agustín González Acilu (2011) eta Enric Trillas (2013).

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, UPNA
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, UPNA
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: