#GaiNagusiak

Hondakin organikoak kalitate handiko ongarri bihurtzeko planta bat aurkeztu du NEIKERek

Noiz argitaratua: 14/12/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Teknologia
 Argazkia

Biogas-instalazioetan sortzen den material organikoa balio erantsi handiko ongarri bihurtzeko instalazio pilotu bat aurkeztu du gaur NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak —Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen irabazi asmorik gabeko erakundea—. Haren bidez, material organiko horren zikloa ixtea lortzen da, hondakinik sortu gabe, eta, aldi berean, irteera komertziala ematen zaio. NEIKER-Tecnaliak Arkautin (Araba) dituen nekazaritzako lursailetan dago instalazioa, eta 1,8 milioi euroko aurrekontua izan du; Europar Batasunak —CIP-Ecoinnovation proiektu baten barruan— eta ekimenean parte hartu duten lau erakundeek jarri dute dirua. Hauek dira lau erakundeak: NEIKER-Tecnalia, Ekonek Innovación en Valorización de Productos, Blue Agro eta Colsen (Herbehereetako enpresa).

Tratamendu-instalazio berritzaile horrek digestatoa erabiltzen du lehengai gisa, hau da, digestio-prozesu anaerobikoaren ondoren biogas-instalazioetatik ateratzen den gai organikoa (gai organikoaren digestio-prozesu hori oxigenorik gabeko baldintzetan egiten da, eta helburua biogasa lortzea da). Horren ondorioz, kalitate handiko zenbait ongarri lortzen dira, hainbat formatutan; horietako bat 0,5-1,5 milimetroko diametroa duten mikrogranuluak dira, eta konbentzionalaren pareko produkzioa lortu daiteke, baina dosi ia hamar aldiz txikiagoekin.

NEIKER-Tecnaliak lortutako ongarriaren onurak dira ongarri tradizionalekin baino dosi txikiagoak behar direla, eta nutrienteak mantsoago askatzen dituela eta, ondorioz, ingurumenean eragin txikiagoa egiten duela. Produktua oso egokia da balio erantsi handiko labore-eremuetan erabiltzeko, esaterako kirol-zelaietan, landaketa apaingarrietan eta bereziki delikatuak diren nekazaritzako laboreetan.

Ongarri berriek NPK maila orekatua daukate, hau da, nitrogeno (N), fosforo (P) eta potasio (K) maila orekatua. Askotariko ongarriak lortzen dira: NPK balio baxuak eta materia organiko asko dauzkatenak (9 parte nitrogeno, 2 parte fosforo, 2 parte potasio eta % 70 materia organiko), eta baita NPK balio altuak dituztenak ere (11 parte nitrogeno, 15 parte fosforo, 11 parte potasio eta % 20 materia organiko).

NEIKER-Tecnaliak garatu dituen ongarrien beste onuretako bat da poliki askatzen direla, eta horrek bereziki egoki bihurtzen ditu lorezaintzarako, kirol-zelaietarako, baratzezaintzarako eta nekazaritza ekologikorako. Mikrogranulu-forma dute, eta ereiteko garaian aplikatu daitezke, haziarekin batera. Horri esker, ongarria behar bezala kokatuta geratzen da, eta oso-osorik aprobetxatu daiteke hazia ernamuintzen den unetik bertatik; horren ondorioz, askoz ere ongarri gutxiago erabili behar izaten da.

Digestatotik ongarri komertzialera

Digestatoa ongarri komertzial bihurtzeko prozesuak, zeina EKONEKek diseinatu baitu— bi urrats oinarrizko ditu: lehenik eta behin, digestatoa beste hondakin organiko eta ongarri mineral batzuekin nahasten da, NPK mailak balio komertzialetara egokitzeko. Bigarrenik, lehen urratsetik ateratzen den nahastea, egitura likido oretsua duena, lehorgailu batean sartzen da; bertan aire beroa jariatuz, materia lehortu eta kalitate handiko mikrogranulu bihurtzen da, pitzadurarik eta hautsik gabea. Produktua ale txikien forman lortzeak abantaila ugari ekartzen ditu garraiatzeari, biltegiratzeari eta erabiltzeari dagokionez.

NEIKER-Tecnaliako teknikariek proiektuaren bideragarritasun komertziala aztertu dute, eta, ondorioztatu dutenez, ongarri-tona bat 100 eta 500 euro arteko prezioan merkaturatu daiteke, ongarriaren arabera. Salmenta-prezio horrek aukera ematen du epe egokietan inbertsioa berreskuratzeko. Gaur egun, instalazioak 50 kg/h ongarri ekoizteko ahalmena dauka, baina adituek kalkulatu dute eskala handiko instalazio batean urtean 28.000 tona digestato tratatu daitezkeela, hau da, 9.200 tona ongarri lor daitezkeela.

Arkautiko instalazio pilotuarekin, NEIKER-Tecnaliak irtenbideak eman nahi dizkio nekazaritzaren sektoreari, ingurumena errespetatuko dutenak eta, aldi berean, ekonomikoki bideragarriak izango direnak. Kasu honetan, biogas-instalazioetako digestatoari irteera komertziala ematen zaio, gai hori askotan hondakin gisa hartu eta tratatzen baita.

Proiektuaren partaideak

Ekonek enpresak eraiki du instalazio pilotua, NEIKER-Tecnaliarekin lankidetzan, zentro teknologikoak Arabako Arkauti udalerrian duen lursail esperimentaletan. Herbehereetako Colsen etxeak hainbat biogas-instalaziotatik ateratako materiala jarri du —produktu organikoen digestio-prozesu anaerobikoaren ondoren ateratakoa—. NEIKER-Tecnaliak eta Blue Agrok, berriz, ongarriaren amaierako formulazio egokia diseinatu dute elkarlanean. Zentro teknologikoak errendimendu agronomikoaren ikuspegitik formulatu du produktua, eta Blue Agro, bestalde, bideragarritasun komertzialaz arduratu da.

Informazio osagarria

  • Argazkia, NEIKER
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, NEIKER
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, NEIKER
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: