#GaiNagusiak

Hirietako komunikazioak eta zerbitzuak kudeatzeko sistema berri baten bila hamaika euskal erakunde

Noiz argitaratua: 14/11/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Lurraren zientziak

Hamaika euskal erakundek osatzen dute e-Menhir proiektuaren partzuergoa, zenbait udalekin eta tokiko erakunderekin batera, eta lanean hasi dira jada. Hirietarako sistema berriak garatzea eta merkaturatzea du xede proiektuak.
Smart cities (hiri adimendunak) deritzon ekimenaren bidetik doa e-Menhir, eta sentsorizazio-teknologiak, komunikazioak eta datu-ustiapena jorratzen ditu, udal-zerbitzuen eraginkortasuna hobetzeko eta zerbitzu eta aplikazio berriak sortzeko, betiere. Zerbitzu horietako batzuk mugikortasunarekin lotuta daude, hala nola pertsonen, ibilgailuen eta aparkalekuen zenbaketa. Erraza, modularra eta hedagarria izango da sistemaren instalazioa, eta, haiek garatutakoan, IaaS (azpiegiturak zerbitzu gisa) salmenta-ereduaren arabera erabiliko dituzte udalek edo udal-zerbitzuak ematen dituzten enpresek.

Hispavistak koordinatzen du proiektua, eta Euskaltelek, Masermic enpresak, Dinycon ingeniaritzak, STT Ingenieria y Sistemas ingeniaritzak, Consultoria Luminica aholkularitzak, IK4-Tekniker zentroak, GAIA-TEIC Clusterrak, Ibermatica Berrikuntza Institutuak eta Hispavista Laborategiak ere parte hartzen dute. Halaber, Bilboko eta Zamudioko Udalek, CIMUBISAk (Bilboko Zentro Informatikoa) eta iPARKSA erakundeak ere proiektuko partaide dira.
Partzuergoko kideek adierazi dutenez, hemendik sortu zen proiektua: udalen, sektoreko enpresen eta GAIA Clusterraren negozio-ildo berriak aztertzeko premiatik, “hibridazioa” deritzon kontzeptua garatuz, hau da, dauden teknologiak elkarrekin uztartuz. Gaitasun teknologiko osagarriak bateratzearen garrantzia azpimarratu dute e-Menhirreko partaideek, “smart city kontzeptua hirietan eragiten ari den eraldaketari esker sortutako aukerak aprobetxatuz”.
e-Menhir proiektuak “aukera eskainiko die euskal enpresei hazkunde-gaitasun handiko merkatu berri batean sartzeko eta negozio-ildo berriak garatzeko”, diote partzuergotik. Halaber, diote, “enpresen arteko lankidetza funtsezkoa izango da horretarako”.

Aurreikusitako emaitzak

Smart cities deritzen hirietarako teknologia berriak lantzen ari da e-Menhir proiektua, alor hauetan erabiltzeko: argiztapen publikoan, hiriko eremuen erabileraren monitorizazioan, eremu publikoen mantentze-lanetan, kutsadura akustikoaren eta atmosferikoaren mapetan, herritarrekin elkarreragiteko gailu mugikorretan eta hiri-hondakinen eta birziklapenaren kudeaketan.
Proiektuak onura hauek ekartzea espero dute haren bultzatzaileek: energia eta dirua aurreztea argiztapen publikoaren kudeaketan eta haren mantentze-lanak optimizatzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, zabor-bilketaren eta -birziklapenaren logistika optimizatzea, kutsadura akustikoko mapak egitea denbora errealean, eta, herritarrekin elkarreraginean, eremu publikoei buruzko informazioa denbora errealean jasotzea (besteak beste, autoak aparkatzeko dagoen lekuei buruzko informazioa).
Horrez gain, garatutako produktuak berehalako eragina izango du energiaren eta CO2-emisioen murrizketan, argiztapenaren kudeaketa eta kontrola hobetu egingo baititu; bidenabar, ibilgailuen zirkulazioak ere hobera egingo du, proiektuaren bultzatzaileek diotenez.
 

Sandra Til Lerin

Egilea: Sandra Til Lerin (CR COMUNICACION)

Laguntzailea: