#GaiNagusiak

Haurrak eta smartphoneak: Non da arriskua?

Noiz argitaratua: 14/10/27 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika

Smartphoneen erabiltzaile diren adingabeek Interneten zer arrisku pairatzen dituzten aztertu du EU Kids Onlinek Net Children Go Mobilekin elkarlanean egin duen Online desde los móviles izeneko txosten berriak

Internetera gailu mugikorretatik sartu ohi dira neska-mutikoak, EU Kids Onlinek 25.000 adingaberekin lehendik egindako ikerketa baten arabera. Harrezkeroztik, baina, izugarri hazi da Internetera konektatzeko smartphoneez baliatzen diren 9 eta 16 urte bitarteko adingabeen kopurua.

Gaur egun, smartphoneen bidez konektatzen da Internetera Europako neska-mutikoen % 28. 2010ean, ingurune aberatsagoetan, pribilegiatuagoetan, bizi ziren telefono horiek erabiltzen zituzten neska-mutilak, baina murrizten ari da adingabe aberatsen eta pobreen arteko tartea. Orain, smartphone banaren jabe dira 13 eta 16 urte bitarteko gaztetxo gehienak.

Arrisku handiagoak dakarzkie adingabeei smartphoneek mugikor-modelo zaharragoek baino

EU Kids Online sarearen argitalpen berriaren arabera(Online desde los móviles), arrisku gehiago jasaten dituzte Internetera smartphone bidez sartzen diren neska-mutikoek mugikor zaharrago batetik edo ordenagailu eramangarri zein PC batetik bertaratzen direnek baino. "Arrisku gehiago pairatzeaz gain, maizago sartzen dira Internetera smartphoneen erabiltzaileak, eta jarduera-sorta zabalagoa izan ohi dute", dio UPV/EHUko ikertzaile eta EU Kids Online eta Net Children Go Mobileren Espainiako ikerketen zuzendari den Maialen Garmendiak.

Erne egon behar dute gurasoek

Neska eta mutiko txikiagoek handiagoek baino arrisku gutxiago jasaten dituzte, ikerketa berri horrek dioenez, baina, oro har, gehiago eragiten diete esperientzia negatibo horiek. Garmendia irakasleak dioenez, "arretaz begiratu behar lukete smartphoneen erabiltzaile txikienen gurasoek nola erabiltzen dituzten gailu horiek beren seme-alabek. Zenbat eta gazteagoa neska edo mutikoa, orduan eta zorrotzago hartu behar dute parte gurasoek".

Arrisku-maila handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, adingabearen ezaugarriak zein diren; nolanahi dela ere, mugikorrekin ager daitezkeen arrisku berriei erne egon beharra dagoela adierazi du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile horrek: "Sexuaren eta adinaren arabera, aldatu egiten dira adingabeen arriskuak. Alabaina, arrisku berri batzuk ekarri dituzte gailu adimendunek (geolokalizazioa, adibidez), eta mugikorren erabiltzaileak ezezagunekin konekta ditzaketen zenbat aplikazio".

Europa mailako garrantzia

Bi lan hauek ari da erabiltzen Online on the Mobile bere ikerketarako: EU Kids Onlinek 2010ean 25 herrialdetako 25.000 bat haurrekin egindako azterlana eta Net Children Go Mobilek 2014an egindako ikerketa, zeinak mugikorren bidez Interneterako sarbideen ugaltzea aztertu zuen zazpi herrialdetan (Belgika, Danimarka, Irlanda, Italia, Portugal, Erresuma Batua eta Errumania). 2010az geroztik adingabeak Internetera sartzeko era nola aldatu den aztertu dute bi proiektu horiek.

Euskal Herriko Unibertsitateko EU Kids Online taldearen arabera, garrantzitsua da ikerketa hori Espainiarentzat, gaur egun ez baitago alderaketarik egiteko daturik; horrez gain, Espainiako egoera Europako testuinguruan kokatzeko aukera ere ematen du.

Geroz eta gehiago

EU Kids Onlineren ikerketak erakusten duenez, elkarri uztartuta etorri ohi dira Internetera sartzeko aukerak eta han arriskuak aurkitzekoak. "Interneterako sarbide gehiago izaten dituzte gailu mugikorren bidez konektatzen diren neska-mutikoek, eta maizago konektatzen dira; bestalde, gailu gehiago erabiltzen dituzte, eta arrisku gehiago jasaten", dio Garmendiak.

Hona zer gomendatzen duen ikerketak: kontrol-mekanismo xumeen garapena lehenestea software-diseinatzaileek eta teknologiako eta komunikazioko enpresek, Interneten erabilera segurua susta dezaten gurasoek adingabeen artean, eta erabilera kontrolatu.

  • Oharrak:

    Informazio gehiago: Hauek dira Online on the Mobile: Internet use on smartphones and associated risks among youth in Europe txostenaren egileak: EU Kids Onlineko Gitte Stald (Danimarka), Lelia Green (Australia), Monica Barbovski (Errumania), Leslie Haddon (Erresuma Batua), Giovanna Mascheroni eta Barbara Scifo (Italia), Bence Ságvári (Hungaria) eta Liza Tsaliki (Grezia). Hemen eskura daiteke ikerlan hori: http://www.lse.ac.uk/media@lse/research/EUKidsOnline/EU%20Kids%20III/Reports/MobileReport.pdf Informazio gehiago nahi izanez gero EU Kids Online proiektuari buruz, jarri harremanetan pressoffice@lse.ac.uk-rekin, edo jo www.eukidsonline.netera. Informazio gehiago nahiz izanez gero Net Children Go Mobile proiektuari buruz, jarri harremanetan Giovanna Mascheronirekin (giovanna.mascheroni@unicatt.it), edo sartu www.netchildrengomobile.eun.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Nota de prensa, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: