#GaiNagusiak

Gurasoen esku-hartzea, ezinbestekoa adingabeek Internet arduraz erabil dezaten

Noiz argitaratua: 14/11/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Gizarte-zientziak

Adingabeek Interneten topatzen dituzten arriskuak eta aukerak ari da aztertzen EU Kids Online ikerketa-sarea 2006az geroztik. Orain, azken txostenean laburbildu dituzte proiektuaren emaitzak. Espainiako datuei dagokienez, deigarria da Europako beste herrialde batzuetako gurasoek baino denbora gutxiago ematen dutela espainiarrek beren seme-alabekin hauek Interneten dabiltzanean, nahiz eta funtsezkotzat jotzen den gurasoen esku-hartzea adingabeek sarea arduratsu erabil dezaten.

Horra EU Kids Onlineren azken txosteneko ondorioetako bat. London School of Economics and Political Science (LSE) erakundea izan du gidari proiektuak, non Euskal Herriko Unibertsitateak ere hartu baitu parte. Adingabeek Internetek aurkitu ditzaketen arriskuei buruzko emaitzak eta gomendioak laburbildu eta konbinatu egin ditu txosten horrek, 33 herrialdetako 150 ikertzailek baino gehiagok egindako lana oinarri harturik. Txostenaren arabera, areagotu egin da gorrotoa bultzatzen duten mezuen kopurua, anorexia sustatzen duten orriena eta autolesioei eta ziberbullyingari buruzkoena.

Proiektuaren azken fasean, 2011tik 2014ra arte, nabarmen aldatu dira Internetera sartzeko adingabeen ohiturak. Orain, edonondik sartzen dira, eguneroko eginkizunetan ari direla. Interneterako sarbidea duten gailuei esker, bereziki, geroz eta pribatuagoa da haren erabilera. Bestalde, 2010eko datuekin alderatuta, gorroto-mezu gehiago jasotzen dituzte orain 11 eta 16 urteko bitarteko adingabeek (% 13tik % 20ra igo da portzentajea), anorexiaren aldeko orrialde gehiago dituzte eskura (% 9tik % 13rako igoera), bai eta autolesioari (% 7tik % 11ra) eta ziberbullyingari (% 7tik % 12ra) buruzko orrialde gehiago ere.


Gurasoentzako gomendioak

Zenbait gomendio egiten dizkie Maialen Garmendia UPV/EHUko irakasleak gai hori dela eta kezkatuta dauden gurasoei, adingabeek komunikazio-teknologiak erabiltzen dituztenean bitartekari aritu daitezen:

Bultzatu adingabeak Internet txikitatik erabiltzera, eta jakinarazi zer abantaila eta zer arrisku dakartzan erabilera horrek

Saiatu adingabeentzat aukerak bilatzen, arriskuei aurre egiteko haien gaitasunak garatzen, eta erakutsi kalteei aurre egiten

Ez arduratu horrenbeste arriskuez, eta kasu gehiago egin jarduera dibertigarriei eta eduki positiboei

Maiz hitz egin adingabeekin sarean aurki ditzaketen eduki problematikoei buruz

Argi mintzatu sarean jarduteko iguripenei eta arauei buruz

Ikuspegi kritikoz aztertu hedabideek sareko arriskuez zabaltzen dituzten berriak

Proiektuaren 10 ondorio nagusiak
1.
Zenbat eta gehiago erabili Internet adingabeek, orduan eta gaitasun digital gehiago garatzen dituzte, gorago iristen dira "aukera-eskaileran" eta onura gehiago eskura ditzakete.
2.
Interneteko erabilera guztiak ez dira onuragarriak, eta adingabeak onura gehiago eskuratzeko probabilitateak alderdi hauen araberakoak izaten dira: adina, sexua eta estatus sozioekonomikoa, gurasoengandik jasotzen duen laguntza, eta eskuragarri daukan eeduki positiboa.
3.
Sareko arriskuei loturik daude erabilera, gaitasunak eta aukerak ere: zenbat eta arrisku gehiago, orduan eta handiagoa kalterik jasotzeko aukera. Horrenbestez, arriskuak geroz eta handiagoak direnez, haiek prebenitzeko ahalegin geroz eta handiagoak eskatzen ditu Interneten erabilera handiagoak.
4.
Arrisku guztiek ez dute, nahitaez, kalterik eragiten: neskaren edo mutikoaren adinaren, sexuaren eta estatus sozioekonomikoaren araberakoa izaten da, partzialki bederen, hark kalteren bat jasateko edo atsekabetuta sentitzeko aukera, bai eta interneten aurkitzen duenari aurre egiteko dauzkan baliabideen eta erresistentziaren araberakoa ere.
5.
Garrantzitsuak dira beste alderdi hauek ere: gurasoen, eskolaren eta adiskideen jarrera, nazio bakoitzeko araudiak, eduki-hornidura, balio kulturalak eta hezkuntza-sistema.
6.
Pornografia da kezka nagusia adingabeen Interneteko erabilerari dagokionez
7.
Bigarren mailakoak dira indarkeria, ankerkeria, oldarkortasuna edo odola erakusten dituzten edukiak. izan ere, indarkeriak ez du sexuak bezainbat erakartzen jendearen arreta
8.
Indarkeria errealak (edo errealistak) atsekabetzen ditu, bereziki, adingabeak, fikziozkoak baino gehiago, eta izaki ahulen aurkakoak (haurrak, animaliak...).
9.
Nabarmen hazten da sareko arriskuekiko kezka 9 eta 12 urteko tartean. Eduki-arriskuek kezkatu egiten dituzte adin-tarte horretako neska-mutikoak; adinean aurrera egin ahala, berriz, gehiago kezkatzen dituzte portaera- edo harreman-arriskuek.
10.
Neska-mutikoen ustez, bideoak partekatzeko orriek dute loturarik estuena indarkeriazko edukiekin pornografiarekin eta abarrekin.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: