#GaiNagusiak

Fabrikazio aurreratuaren arloan ikertzeko hiru proiektu finantzatu ditu EBk

Noiz argitaratua: 14/12/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia

IK4-IKERLAN erreferente bihurtzen ari da nazioartean, fabrikazio aurreratuaren arloan. Europar Batasunak finantziazioa eman dio zentroari, I+G bultzatzeko Horizonte 2020 programaren bidez, fabrikazio aurreratuari buruzko I+Gko hiru proiektutan parte hartzeko. Hain zuzen ere, fabrikazio aurreratua da IK4-IKERLANen ibilbide oparoa duten alorretako bat. Hiru proiektu horien helburua da Europako industriaren lehiakortasuna bultzatzea. 2015aren hasieran jarriko dira martxan, eta 2017aren amaieran eta 2018aren erdialdean amaituko dira.

EBk onartu dituen hiru proiektu hauetan hartuko du parte IK4-IKERLANek: CREMA, C2Net eta MEMAN. Proiektuen helburua da Europako industriaren eraginkortasuna hobetzeko erremintak garatzea, eta euskal enpresek partaidetza handia dute haietan.

EB Horizonte 2020 programaren barnean indar handienarekin bultzatzen ari den arlo estrategikoetako bat da fabrikazio aurreratua. Era berean, energiarekin eta biozientziekin batera, fabrikazio aurreratua da Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko espezializazio adimenduneko estrategiaren barnean (RIS3), lehentasunezkotzat jo duen jarduera-alorretako bat, Euskadik Europan lehiakortasuna irabaz dezan.

IK4-IKERLAN lan handia ari da egiten bereziki mantentze-lan adimendunean. Funtsean, arlo horretan, sentsore, komunikazio, atzipen eta datu-prozesamenduko eta erabakiak hartzeko teknologia berrien aplikazioa lantzen du, osagai, ekipamendu edo sistemek diseinatzean esleitu zitzaizkien funtzioak betetzen jarraitu dezaten.

Arlo horri esker, enpresek ahalik eta produktibitate handiena lortzen dute dituzten baliabideetatik. Adibidez, makina baten errendimendua maximizatzeko, sentsoreak instalatzen zaizkio une oro zer egoera duen jakiteko. Haien bidez, zehaztasunez jakin daiteke noiz izango den beharrezkoa pieza bat aldatzea, eta haren gaineko esku-hartzeak programatu ahal izango dira; hala, aurrea hartzen zaie gerta litezkeen akatsei, edo funtzionamendu-parametroak doitzen dira energia gutxiago behar izateko.

Eduardo Saiz IK4-IKERLANeko ikertzailearen iritziz, fabrikazio aurreratua "gorabidean dagoen jarduera bat da; aukera paregabea, euskal ekonomiarako". "Hari esker, enpresen lehiakortasuna hobetu daiteke eta negozio-aukera berriak sor litezke, erabilgarritasun handiagoko eta funtzionalitate gehiagoko produktu fidagarriagoak sortuko baitira", azaldu du.

Ikertzailearen arabera, "fabrikazio aurreratuak handiagotu egiten du enpresek merkatuari eskaintzen dioten balioa. Produktu garatuagoak hornitu ez ezik, produktuei lotutako zerbitzu berriak hornitzeko aukera ere ematen dute".

Aipatutako hiru proiektuen finantziazioaren bidez, EBk aintzatetsi egiten du IK4-IKERLAN fabrikazio aurreratuaren arloko eragile garrantzitsu gisa, eta, hari esker, handitu egingo dira zentroari Europatik datozkion itzulkinak.

Proiektuak

CREMA ekimenaren helburua da tresna konputazional bat garatzea hodeian, enpresa baten makinen inguruko datuak denbora errealean bilduko dituena, analizatuko dituena eta makinen funtzionamenduari buruzko erabaki egokienak hartzeko irtenbideak emango dituena. Haren xedea da gorabeherak ahalik eta erarik eraginkorrenean konpontzea, prozesuan parte hartzen duten pertsonen jarduera koordinatuz (ekoizpen-arduradunak, lineako langileak, mantentze-lanetako langileak eta abar).

C2NET ekimenaren bidez, aplikazioak eta azpiegitura bat garatuko dira hodeian, instalazio baten, haren hornitzaileen eta bezeroen arteko material-fluxua denbora-errealean kontrolatuko duena. Material-transferentzia hori arrazionalizatzeaz gainera, egoera bakoitzaren arabera egokitu ahal izango da (adibidez, eskaria aldatzen bada edo materialen horniduran gorabeheraren bat gertatzen bada); hala, unean uneko kalkuluen bidez, erabakirik egokiena hartuko da. Bestalde, prozesuan parte hartzen duten pertsona guztiei aukera emango die erabakiak era koordinatu batean hartzeko.

Azkenik, MEMAN proiektuak metalurgiako eta mekanikako sektoreko enpresa europarren lehiakortasuna optimizatzea du helburu; horretarako, balio-kate osoaren efizientzia hobetzeko metodologiak, tresnak eta negozio-ereduak garatu nahi dira, katea osatzen duten enpresen ekoizpen-baliabideen erabilera eta energia eta materialen kontsumo globala optimizatuz.

Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: