#GaiNagusiak

Euskal clusterrek areagotu egiten dituzte lehiakortasuna eta lurraldearen garapena

Noiz argitaratua: 15/01/08 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak

Pixkanaka handituz joan da clusterren eta cluster-politiken garrantzia, lehiakortasunari eta lurralde-garapenaren ereduei dagokienez. Gaur egun, clusterrak oso zabalduta daude politika-tresna gisa; funtsean, hiru elementuri lotuta: batetik, jarduera ekonomikoaren kontzentrazio geografikoa; bestetik, clusterra osatzen duten kideen arteko harremanak (enpresak eta beste eragile batzuk, hala nola administrazioa, I+G+Bko erakundeak eta abar); eta, azkenik, funtzionamendu hobea, lankidetzaren eta lehiaren arteko konbinazioari esker —zeina onuragarria baita guztiontzat—. Horren guztiaren helburua da lehiakortasun-maila eta lurralde-garapen maila hobeak lortzea.

Jonatan Paton UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua V Saileko ikertzaileak bi hipotesitan oinarritu du clusterren eta haien politiken baliagarritasunari buruz egin duen ikerketa. Lehen hipotesiaren ardatza izan da clusterrak enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta lurralde-garapena sustatzeko elementu direlako uste gutxi-asko zabaldua. Bigarren hipotesia clusterrak politika-tresna gisa duten egokitasunari buruzkoa da. Ikertzaileak azaldu duenez, tesiaren hastapenetan, clusterren fenomenoa goraldian zegoen, eta hauteman zuten interesa eta aukera zegoela ikertzeko clusterren fenomenoa nola ari zen ezartzen eta politika horiek emaitza onak ematen ari ziren edo ez, nazioartean ez baitzen prozesu homogeneoa izan.

Clusterren fenomenoa munduko hainbat lekutan nolakoa izan den ikusteko nazioarteko kasu ugari aztertu ondoren, EAEko kasua aztertu du, "izan ere —adierazi du ikertzaileak—, esperientzia aitzindarietako bat da, hogei urte baino gehiagoko cluster-politika baitu". Nazioarteko kasuak metodologia kualitatibo batez aztertu ditu (bilaketa bibliografikoak, web-orrietan, elkarrizketak... eta baita esperientzia batzuk in situ ikusi ere); izan ere, zaila da ikerketa hori esparru kuantitatibora eramatea, ez baita izaten daturik eskura eta, eskura izatekotan, zailtasunak izaten baitira estatistikaren alderagarritasunari eta denbora-tarte laburregiei lotuta. EAEko kasu zehatza, bestalde, metodologia kuantitatibo bat erabiliz aztertu ahal izan da, Eustat Euskal Estatistika Institutuko informazioari, Eusko Jaurlaritzako informazioari eta gaiari buruz egin izan diren beste lanetako informazioari esker. Ikerketa honetan, metodologia kuantitatiboaren berrikuspen akademikoa eta EAEko kasuaren azterketa egin dira; horiek dira, hain zuzen, ikerketak ekarri duen aurrerapausoetako bat.

Politikak berrikusteko beharra

EAE aitzindari izan zen clusterrak abiarazten (90eko hamarkadaren hasieran), eta, 90eko hamarkadaren amaieran eta mende honen hasieran, herrialde gehiagotan zabaldu ziren. Nolanahi ere, clusterrak lehiakortasunerako tresna erabilgarriak direlako ustea oso zabaldua dagoen arren, toki guztietan ez dira lortzen espero diren emaitzak; alde metodologiko eta kontzeptual handiak daude gai horri dagokionez. Ikertzaileak ondorioztatu du EAEn abiarazitako cluster-elkarteak ondo hautatu zirela eta ekarpena egin diotela enpresen lehiakortasunari, eta, horren ondorioz, gainera, ekoizpen-maila hobeak izatea eta esportazioak ugaritzea lortu dela. "Zaila da kausalitatea frogatzea, baina badirudi sektore batean cluster bat edukitzea lotuta dagoela lehiakortasun eta esportazio hobeekin", adierazi du ikertzaileak.

Ikertzailearen arabera, nabarmentzekoa da EAEn erabilitako cluster-politikak eragin handia izan duela EAEko clusterren onura askotan. Politika horrek hiru fase ditu: cluster bihur daitezkeen sektoreak identifikatzea, elkarte horiei laguntzea eta, azkenik, egoeraren berrikuspena egitea. Hori ez da une bateko politika, ez da puntuala, "berrikusiz joan behar da —adierazi du Patonek—, egitura ekonomikoa aldatuz baitoa eta joera teknologiko eta lehiakorrak garatuz baitoaz". Ikertzailearen iritziz, ikerketaren beste zailtasunetako bat da hori, alegia, ikertu beharreko eremuak aldaketa sakonagoak izaten baititu oso maiz. EAEn, sektoreak hautatzeko prozesuan eragile askok hartu zuten parte, eta cluster-elkarteak sortuz joan ziren cluster izateko gaitasuna eta, batez ere, kontzientzia zuten sektoreetan: 90eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, hamaika cluster sortu ziren ("lehentasunezko" deitu zitzaien), eta, gutxi gorabehera, hamarkada baten buruan, politika guztia berrikusi zen eta sektore berriak sartzea erabaki zen (beste hamaika sortu ziren, eta aurrecluster deitu zitzaien).

Gaur egun, hausnarketa-prozesu interesgarri batean murgilduta daude cluster-politika eta cluster-elkarteak berak. Hain zuzen ere, lurralde-garapena sustatzeko nazioarteko joeren aurrean espezializatu nahi duten garapen-ereduetan zer funtzio izan behar duten hausnartzen ari dira.

  • Oharrak:

    Jonatan Paton (Barakaldo, 1983) Ekonomian doktorea da. Gaur egun, ikertzaile da Información y Desarrollo INFYDE SLn. Ikerketa UPV/EHUko Sarrikoko Zientzia Ekonomikoen eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Aplikatua V Sailean egin da.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: