#GaiNagusiak

Eraikin publikoak energiaren aldetik zaharberritzeko Europako proiektuan parte hartzen du UPV/EHUk

Noiz argitaratua: 14/11/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Teknologia
 None

Europar Batasunaren energia eraginkortasunari buruzko 2010/31 Direktibak adierazi du 2020rako % 20 murriztu beharko duela Europak bere energia-kontsumoa eta kontsumitutako energia osoaren % 20k jatorri berriztagarria izan beharko duela. Europak erabiltzen duen energia osoaren % 40 inguru kontsumitzen dute eraikinek. Horregatik, 2020an energia-kontsumo ia nulua daukaten eraikinak lortzea da helburua. UPV/EHU prozesu horretan murgilduta dago, A2PBEER proiektuan parte hartuta. UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoen Sailak Leioa udalerrian dagoen Errektoretzaren eraikinaren zaharberrikuntza zuzentzen du, ENEDI Ikerketa Taldearen bidez.

A2PBEER proiektuaren helburua da irtenbide berritzaileen bidez energiaren aldetik eraginkorrak eta jasangarriak diren eraikinak lortzea. Europar Batasunaren ikerketarako, garapen teknologikorako eta erakusketarako 7. Esparru-programak finantzatzen du proiektua, eta 6,5 milioi euroko zuzkidura dauka; horietatik, 1,16 milioi euro erabiliko dira UPV/EHUko Errektoretzaren eraikina zaharberritzeko. Programak lau urteko iraupena du; Europako 20 erakunde eta administrazio publikok osatutako partzuergoak parte hartzen du programan, bizitegikoak ez diren eraikinetan energia-kontsumoa % 50etik gora murrizteko gai diren teknologia erabilgarriak, eskuragarriak eta moldagarriak elkarrekin garatzeko asmoz.

Proiektuan parte hartzeko hautatu diren eraikin pilotuak UPV/EHUko Errektoretzaren eraikina, Malmöko (Suedia) Zientzia Museoa eta Ankarako (Turkia) Bokazio Eskola dira. Horiek guztiak eraikin publikoak dira, nahiz eta hainbat erabilera izan. UPV/EHUko Errektoretzaren eraikinean, zerbitzuetako lokalak, bulegoak eta lan egiteko tokiak daude; Malmöko Zientzia Museoa, aldiz, kultura-etxea da, eta Ankarako Bokazio Eskola, lo-eraikina. Horietako bakoitza Europako klima-eremu nagusietako batean dago: zona ozeanikoa (Bizkaia), zona kontinentala (Malmö), zona mediterraneoa (Ankara).

A2PBEER programak arreta jartzen du eraikin publikoen zaharberrikuntzan, Europan bizitegikoak ez diren eraikinen % 30 publikoak baitira, eta gainerakoek baino energia-kontsumo handiagoa baitaukate. Zaharberrikuntzaren ondoren, hiru eraikin pilotuek antz handiagoa izango dute energia-kontsumo ia nulua daukan eraikinaren ereduarekin.


Zaharberritzea, kopiatu ahal izateko

Errektoretzaren eraikina Bizkaiko Campusean dago (Leioa-Erandio gunea), eta 70eko hamarkadaren hasieran eraiki zen. 110x22 metroko oinplano estuko diseinua dauka, gehieneko garaiera 18 metro da, eta toki batean bi solairu ditu eta beste batean lau. Egitura, sabaia eta zoruak hormigoi aurrefabrikatuzkoak dira. Eraikin hori hautatu da, beste batzuek antzeko eraikuntza baitaukate. Beraz, irtenbideak beste higiezin batzuetan kopiatu ahal izango lirateke.

Proiektua 2013ko irailean abiarazi zen. Orain arte, Errektoretzaren eraikinaren benetako energia-kontsumoa eta barnealdeko konfort-maila neurtu dira, sentsoreen bidez. Aldi berean, energia-kontsumo eraginkorra lortzeari begira, zaharberritzeko gauzatuko den estrategia diseinatu da. Eraikuntza-irtenbideek pasiboki jardungo dute estalkiaren, fatxadaren eta leihoen gainean; eta aktiboki, berriz, berokuntza- eta hozte-sistemako instalazioen eta argiztapenaren gainean. Zaharberrikuntza-obrak egin eta gero, eraikina berriro monitorizatuko dute, zenbat energia aurrezten den eta zer konfort-maila lortzen den baloratzeko.

Eraikina zaharberritzeko estrategian aurreikusi da sabaian ohiko panel isolatzaileak eta fatxadan huts-panelak erabiltzea, eraikinak beroa gal ez dezan. Gainera, leiho adimendunak instalatuko dira, eguzki-erradiazioa doitzea ahalbidetzen dutenak (neguan eguzkiko beroa hartzen dute eta udan eguzki-erradiaziotik babesten dute). Lanpara fluoreszenteen barnealdeko argiztapenaren ordez, beste sistema bat ezarriko da: eraikinaren sabaian hartzen den eta, zuntz optiko bidez, eraikinaren barnealdera garraiatzen den argi naturala eta LED argiztapena batzen dituen sistema. Berokuntza- eta hozte-sistemak xurgapen bidezko eguzki-sistema termiko biltzailea erabiliko du. Horren bidez, neguan ur beroa eta udan ur hotza lor daiteke berokuntza- edo hozte-sistemarako, une bakoitzeko beharrizanen arabera.

  • Oharrak:

    Luis del Portillo, Aitor Erkoreka eta Koldo Martín irakasleek osatzen dute A2PBEER proiektua Errektoretzaren eraikinean teknikoki garatzeaz arduratzen den taldea. Horiek eta beste 15 irakaslek ENEDI (Eraikuntzako Energiak) taldea osatzen dute, José María Sala Lizarraga katedradunak zuzentzen duena. Taldea 2005ean sortu zen, 2007an UPV/EHUko Ikerketa Talde izendatu zuten, eta 2011n, Talde Finkatu. ENEDIren ikerketa-ildoek eraikinetako energia-eraginkortasuna aztertzen dute, bai inguratzaileari bai instalazioei dagokienez.

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prenta-oharra, euskara
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: