#GaiNagusiak

Enpresa txiki eta ertainek hodeira igoko dute beren logistika

Noiz argitaratua: 14/12/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak

Enpresek material-fluxu handia kudeatu behar dute egunero, hots, instalazioetara sartzen eta handik ateratzen den materiala. Ez da erraza izaten lan hori modu eraginkor batean egitea, eta enpresen baliabide ugari kontsumitzen ditu. Nolanahi ere, Interneten oinarritutako teknologia berriekin orain arte pentsaezinak ziren aukerak sortzen dira alor horretan. Adibidez: hornidura-katean dauden aktiboak era eraginkorrago batean erabiltzea, sareko kudeaketaren bidez eta eskaerarekin eta hornidura-, ekoizpen- eta banaketa-planekin bat eginez.

Testuinguru horretan, Europako Batasunak (EB) C2Net (Cloud Collaborative Manufacturing Networks) proiektua jarri du martxan, eta IK4-IKERLAN ikerketa-zentroak proiektu horretan hartzen du parte. Proiektuaren helburua da hodeian ostatatutako tresna informatikoak garatzea, enpresei (eta batez ere ETEei) beren hornidura-katearen kudeaketa optimizatzen laguntzeko, Interneteko baliabideak baliatuz. Proiektuari esker, enpresa-sareak eraiki ahal izango dira enpresetako hornidura-kateetako kostuak eta lan-jardunaren eraginkortasunik eza murrizteko.

C2Net proiektuak Horizonte 2020ren finantziazioa du —I+G bultzatzeko EBren programa—, eta zazpi milioi eurotik gorako aurrekontua. Etorkizuneko fabrikak esaten zaienentzat balio erantsi handiko teknologiak garatzeko Factories of the future ekimenaren barnean sartzen da.

Zehazki, enpresen lankidetza-espazioak martxan jartzeko tresnak garatuko dira, sare-kudeaketa horren bidez enpresetan berrikuntza txertatzeko eta enpresen lehiakortasun orokorra hobetzeko. Aplikazio horiek gai izango dira instalazioen, hornitzaileen eta bezeroen arteko material-fluxua denbora errealean monitorizatzeko, eta, horrez gainera, prozesuan parte hartzen duten enpresen intereserako egokiena den aukera kalkulatzeko.

Adibidez, C2Net proiektuari esker, ustekabeko gertakizunak monitorizatu ahal izango dira denbora errealean; adibidez, material baten hornidura atzeratzea, makina bat gelditzea edo kontsumo-puntuetan eskaria aldatzea. Informazioa aztertu ondoren, optimizazio-tresnek hornidura-, ekoizpen- edo banaketa-plan berriak proposatuko dituzte kostuen inpaktua minimizatzeko eta baliabide logistikoen erabilera eta bezeroari ematen zaion zerbitzua maximizatzeko.

C2Net proiektua 2015eko urtarrilaren 1ean jarriko da martxan, eta hiru urteko iraupena izango du. IK4-IKERLANez gainera, Europako sei herrialdetako beste hogei erakundek hartzen dute parte, eta Atos IT Solutions And Services da proiektuaren burua.

ETEei laguntzea

ETEek ez dute izaten nahikoa baliabiderik berariazko programa informatikoak garatzeko eta erosteko, hornidura-katea optimizatu eta beti kontrolpean eduki ahal izateko —katean gertatzen ari dena denbora errealean ezagututa—. Horregatik, C2Net proiektuan aplikazio informatiko eskalagarri eta egokigarriak garatuko dira, askotariko sektoretako enpresa-motetara egokitzeko.

IK4-IKERLANen funtzioa

Proiektu honetan, teknologia-transferentziako proiektu askotan metatutako esperientzian oinarrituko da IK4-IKERLAN, C2Net-eko industria-egoerak, funtzio-betekizunak eta baliozkotze-egoerak definitzeko. Era berean, modu aktibo batean hartuko du parte hodei-arkitekturaren diseinuan eta inplementazioan, bai eta simulazio-eredu eta optimizazio-algoritmoen garapenean. Hori egiteko, IK4-IKERLANek 550.000 eurotik gorako finantziazioa jasoko du.

“IK4-IKERLANen helburuetako bat da enpresei laguntzea lehiakorrago izan daitezen; mota guztietako enpresen antolamendua hobetzeko esperientzia daukagu, multinazionaletatik hasita gure inguruko enpresa txikietaraino, eta, horri esker, esperientzia handia metatu dugu arlo horretan”, adierazi du Eduardo Saizek, zentro teknologikoko proiektu-arduradunak.

Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: