#GaiNagusiak

Energia aurrezten gauzen Internetari esker

Noiz argitaratua: 14/10/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Ingurumena
 Garraio-erakuslea

Enpresak, hiriak eta kontsumitzaileak energiaren aldetik eraginkorragoak izaten laguntzea eta energiaren sektorean negozio-aukera berriak irekitzea, horra Arrowhead europar proiektuaren bi helburuak. IK4-IKERLAN euskal zentro teknologikoak ere hartzen du parte ekimen horretan, zeinaren xedea den “gauzen Interneta” erabiltzea, hau da, egunero erabiltzen diren objektuak Internet bidez elkarrekin konektatzea, enpresek eta kontsumitzaileek ahalik eta ondoen erabil dezaten energia eta eremu horrekin eta beste batzuekin lotura duten zerbitzu berriak abian jar ditzaten.

Arrowhead proiektuaren asmoa hau da: arlo teknologiko bat garatzea energia kudeatzeko sareetan gailuak txertatzeko, hauek Internet bidez elkarrekin konektatuta direla elkar ulertu eta informazioa partekatu dezaten, azkenean erabakirik egokienak hartzeko.

Hainbat aplikazio abian jartzeko oinarria izango da proiektu hori sortzen ari den esparru teknologikoa; adibidez, etxe bateko kontagailua energia-hornikuntza egiten duen enpresarekin konektatzeko aukera emango luke, eta, hala, enpresa hornitzaileak etxe horretako kontsumo-datuak ezagutu eta tarifarik egokiena eskainiko lioke kontsumitzaileari, bai eta, daukan tarifaren arabera, garbigailua pizteko unerik egokiena proposatu ere.

Zerbitzu berri ugari eskaintzeko aukera ematen du gailuen datuak partekatu ahal izateak; esate baterako, aire girotua kontrolatzeko gailu adimendun bat garatzeko aukera, aire girotuaren funtzionamendua autonomoki kontrolatzeko, kontuan hartuta sarera konektatutako beste gailu batzuetatik datozen datuak, aire girotuaren errendimendu eta kontsumo optimoa lortzeko. Hala, potentzia egokia aukeratzeko modua legoke, etxe barruko eta kanpoko tenperaturen, ondorengo orduetarako aurreikusitako eguraldiaren eta kontratatutako tarifaren arabera, besteak beste.

Aplikazio horiek erabilgarri izan daitezen, protokolo bat ezartzen ari da Arrowhead energia- eta produktu-hornitzaileek eta kontsumitzaileek elkarrekin informazioa trukatzeko. IK4ko IKERLANekin eta TEKNIKERrekin batera, Europako 15 herrialdetako beste 77 enpresa, unibertsitate eta zentro teknologiko ari dira parte hartzen ekimen horretan, hainbat euskal erakunde ere tartean direla. 2017an bukatuko da proiektu handi hori, zeinak 67 milioi euroko aurrekontua daukan, Europar Batasunak (VII. Esparru Programaren bitartez) eta Industria Ministerioak finantzatua.

Hainbat gailu ari dira garatzen proiektu horretan, gero bost erakusletan probatzeko. Sarearen bidez egongo dira elkarrekin konektatuta guztiak. Horretarako azpiegitura garatzen ari da partzuergoa, bai eta besteentzat erabilgarri izan dadin alde guztiek informazioa nola bidali behar duten zehazten ere.

Energia-sektorerako ez ezik, beste askotarako izan daiteke baliagarri informazioa internet bidez trukatzeko Arrowheaden garatzen ari den protokoloa: komunikabideetarako, osasun-alorrerako, etab.

Informazio osagarria

  • Garraio-erakuslea, IK4-Ikerlan
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: