#GaiNagusiak

Ehunen eta organoen eraketarekin lotzen dituzte exosomak

Noiz argitaratua: 15/01/22 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna
 Juan Manuel Falcón-Pérez

Organismo bateko zelula-mota ia guztiek kanporatzen dituzten besikula txiki-txikiak dira exosomak. Hiru hamarkada baino gehiago dira haien berri lehenbizikoz izan zela, baina, hasieran, zelula-hondakinen edukiontzi moduko batzuk zirela uste zen.

Azken urteotan, ordea, zelulen mezulari gisara ere jarduten dutela ikusi da: elkarrengandik hurbil zein urruti dauden zelulak elkarrekin komunikazioan jartzen dituzte, eta ehun desberdinen artean funtsezko komunikazioa garraiatzen dute. Ehunen fisiologia aldatzeko ahalmena ere badute, eta azken urteotako ikerketen arabera, minbiziaren eta metastasien garapenarekin ere badute loturarik.

Beste eginkizun baterako ere oso egokiak direla ikusi da azken urteotan: zenbait gaixotasunen biomarkatzaile ez-inbaditzaileren garapenerako. Geroz eta gehiago ari da inbertitzen exosometan oinarritutako metodoen garapenean zenbait gaitz diagnostikatzeko: minbizia, neuroendekapenezko gaixotasunak, tuberkulosia, GBIa, etab.

CIC bioGUNEko Juan Manuel Falcón-Pérez eta Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroko Isabel Guerrero ikertzaileen azterketa batek argitu duenez, zelula desberdinen artean bidaiatzeko erabiltzen ditu exosomak Hedgehog izeneko proteinak, zeinak ehunen garapena eta zelula amen zatiketa erregulatzen dituen.

"Hedgehog proteinaren kontzentrazio-gradientea ezartzen laguntzen du exosomei lotutako garraio horrek, eta, beste molekula batzuekin batera, hiru dimentsioko mapa bat osatzen du, funtsezkoa organismo bateko ehunak eta organoak eratzeko.

Proteina hori besikuletan egon ohi dela argi frogatzen du lan horrek, bai eta beste hau ere: Hedgehog proteina bitartekari duen ehun-seinaleztapenean akatsak eragin ditzakeela exosomen erakuntzak.

Garrantzi handia du aurkikuntza horrek, ehun-sorreraren lehen faseei buruzko ezagutza jasotzen laguntzen baitu, batetik, eta tresna terapeutiko berriak ikertzeko bidea zabaltzen, bestetik. Izan ere, molekulak garraiatzeko aldatu edo manipulatu daitezkeen besikulak dira exosomak.

Informazio osagarria

  • Juan Manuel Falcón-Pérez, CIC bioGUNE
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: