#GaiNagusiak

Bonbilla eraginkorretan ere argitasun-fluktuazioak gertatzen dira sarearen eraginez

Noiz argitaratua: 14/11/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena
 Argazkia

Orain arte uste zen argiztapen-teknologia berriek, hots, energia-eraginkortasun handiagoko lanparek, sentikortasun txikiagoa zutela goritasun-lanparek baino energia elektrikoaren horniduran dauden tentsio-fluktuazioekiko, hau da, sareko perturbazio nagusiekiko. UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Seinale eta Komunikazioen Taldeak (GSC) sakon aztertu du nola erantzuten duten teknologia berri horiek sarearen benetako kondizioen aurrean, baieztapen haiek egokiak diren edo ez jakiteko. Ikusi dutenez, beti ez dira betetzen orain arteko baieztapen horiek; gainera, kasu batzuetan, ohiko goritasun-bonbillek baino sentikortasun handiagoa izan dezakete bonbilla berriek.

Hornidura elektrikoaren tentsio-fluktuazioek lanparetan eragiten dituzten argiztapen-fluktuazioei flicker esaten zaie, eta molestia eta deserosotasuna eragin diezaiekete erabiltzaileei. “Mota horretako fluktuazioak hainbat arrazoiren ondorioz gertatzen dira, baina, batez ere, makina industrialek eragiten dituzte, elektrizitate asko kontsumitzen baitute une jakin batzuetan”, azaldu du Izaskun Azcáratek, UPV/EHUko Seinale eta Komunikazioen Taldeko ikertzaileak.

Merkatuan argiztapen-teknologia berriak sartu zirenean —hala nola lanpara fluoreszente trinkoak (CFL) eta LED lanparak—, berriz zehaztu behar izan zen lanpara berri horiek tentsio-fluktuazioekiko zer sentikortasun zuten. Horrekin lotutako lehen ikerketak 2008an argitaratu ziren. “Haien arabera, lanpara berriek sentikortasun txikiagoa zuten goritasun-lanparek baino, ez zitzaien argiztapen-alteraziorik gertatzen sareko tentsio-fluktuazio beraren aurrean”, zehaztu du Azcáratek. Emaitza horietan oinarrituta, horren inguruko aldaketak egin daitezen proposatzen hasi dira nazioarteko zenbait estandarizazio-erakunde. Bi aldaketa-mota proposatu dira: flicker-neurgailuak erreferentziako lanpara berrietara egokitzea eta ezarritako muga handitzea.

Seinale konplexuen analisia

Neurketak egin zituzten lanpara-multzo batekin, tentsio-fluktuazio mota desberdinak erabiliz. Lehenbizi, fluktuazio estandarizatuak erabili zituzten (seinale analitikoa); ondoren, bigarren lan batean, benetako fluktuazioak erabili zituzten —zeinak konplexuagoak izaten baitira—, Espainiako iparraldeko lau tokitan erregistratuak. Ondorioztatu zuten lanparen artean hiru jokaera zeudela: batetik, lanpara batzuek goritasun-lanparek baino sentikortasun txikiagoa dute; beste lanpara batzuk goritasun-lanparen maila berera iristen ziren edota gainditu ere egiten zituzten; eta, azkenik, beste batzuek desberdin erantzuten zuten aplikatutako benetako seinalearen arabera.

"Baliteke irtenbidea izatea diseinu-prozesuan bertan kontrolatzea lanparen erantzuna. Horretarako, beharrezkoa litzateke lanpara berriek ez izatea goritasun-lanparek baino sentikortasun handiagoa", nabarmendu du Azcáratek. Alegia, ikerketaren emaitzen arabera, oraingo flicker-atalaseari eutsiz, test-protokolo bat ezarri beharko litzateke, zeinaren bidez fabrikatzaile bakoitzak egiaztatu ahal izango bailuke kondizio horietan lanparak ez duela atalasea gainditzen.

Informazio osagarria

  • Argazkia, EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: