#GaiNagusiak

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko zenbait ikertzaile jardungo da NASAren Mars2020 misio espazialean

Noiz argitaratua: 14/09/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Lurraren zientziak #Teknologia #Espazioa
 Marteko atmosfera eta zorua ikertu behar dituen rover edo lur orotako ibilgailua

Marteko gainazalean ibili eta hango atmosfera eta zorua ikertu behar dituen rover edo lur orotako ibilgailuaren Mars2020 misiorako aurkeztutako 57 proposamenetatik, hau aukeratu zuen NASAk, uztailaren amaieran: Astrobiologia Zentroko eta Estatu Batuetako Jet Propulsion Laboratoryko zenbait ikertzaile espainiarrek sortutako MEDA tresna. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko (UPV/EHU) Zientzia Planetarioen Taldea ere jardungo da tresnaren garapenean, bai eta Marteko tenperatura, presio, hezetasun eta haizeen neurketen kudeaketan ere, planeta horretako meteorologia, gainazaleko erradiazioa eta esekita dagoen hautsaren karakterizazioa eta banaketa aztertzeko betiere.

Zalantzarik gabe, Marte dugu, Lurraren ondoren, eguzki-sistema osoan gehien esploratu eta ongien ezagutzen dugun planeta. Teleskopioek ez ezik, planeta horren inguruko hainbat orbitatan dauden espazio-ontzik ere aztertzen dute Marte aspaldi honetan, han bertan harat-honat dabiltzan zenbait ibilgailurekin batera. Hona hemen Marteri buruzko jakin-nahi horren zergatia: ur likido ugari izan zuen planeta horrek, duela milioika urte, gainazaleko eremu zabal-zabaletan. Ezinbesteko baldintza da ura egotearena, astrobiologoen iritziz, bizitza garatzeko. Galdera hauek dakartza berekin baieztapen horrek: Behar bezala aprobetxatu ote zuen Martek bizitza garatzeko izan zuen aukera hura, eta, baiezkoa bada erantzuna, iraganean existitu izanaren arrastorik utzi ote zuen bizitzak? Iraun ote du, planeta horretako zokondo ezkuturen batean, bizitza-aztarnaren batek. Mars2020k miatuko ditu Marteko bazterrak eta bilatuko ditu eta iraganeko ustezko bizitza haren zantzuak.

Curiosity ibilgailua planeta horren gainazalean egiten ari den lanari jarraituko zaio Mars2020k egingo duena. Baina harago ere joko du Mars2020k, lur orotako ibilgailuak aurretik aztertu eta aukeratutako eremuetako laginak bildu eta leku seguru batean gordeko baititu, ondorengo misio batek Lurrera ekarri eta behar bezala azter ditzan. Bestalde, etorkizunean Marten giza esploraziorik egingo bada, ezinbestekoa da planeta horretako ingurumen-baldintzak zehatz-mehatz ezagutzea —erradiazio-dosiak eta tokian tokiko meteorologia ere barne direla—, hautsa harrotu, esekita utzi eta planetaren gainazalean pausatzeko zikloari arreta berezia eginez. “Marteko hautsa oso-oso fina da (mikra edo milimetro baten milioiren baten tamainakoa), eta gainazaleko haize bortitzek, atmosferaren dentsitate txikiarekin batera, hautsez betetako giroa sorrarazten dute planeta osoan. Instrumentu guztiak estaltzen eta zeharkatzen dituenez hautsak, arriskupean egoten dira espazio-ontziak eta astronautak”, adierazi du Agustin Sánchez Lavega Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendari eta MEDA tresnari buruzko ikertzaileetakoa. Horko kolaboratzaile da, halaber, Zientzia Planetarioen taldean ikertzaile dabilen Santiago Pérez-Hoyos ere, atmosferako partikulen ikerketan trebatutako aditua.

2020ko udan da zeruratzekoa Mars2020, eta 2021aren hasieran da iristekoa Martera. Sofistikazio eta konplexutasun handiko tresna da MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer hitzen akronimoa), teknologia goreneko osagaiak baititu. Misio horretan zuzenean parte hartzeaz gain, Marteko atmosferaren egoera karakterizatzen ere jardungo du Zientzia Planetarioen Taldeak datozen urteotan, Taldeak berak garatutako PlanetCam izeneko tresna Lurreko teleskopioetara egokituz, misioa aurrera ateratzen laguntzeko. 2016an, 2018an eta 2020an izango diren Lurraren eta Marteren arteko hurbilketak, berriz, aukera ederra izango dira planeta hura zehatz-mehatz miatu eta Marteko atmosferako hautsaren azterketa orokor bat egiteko.

Informazio osagarria

  • Marteko atmosfera eta zorua ikertu behar dituen rover edo lur orotako ibilgailua , L&V comunicación
  • Agustín Sánchez Lavega, L&V comunicación
Itziar Villamandos

Egilea: Itziar Villamandos (L&V COMUNICACION)

Laguntzailea: