#GaiNagusiak

Beste urrats bat grafenoa aplikazio elektronikoetan erabiltzeko

Noiz argitaratua: 15/01/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Zabalera ezberdinetako grafeno-zerrendak konbinatzen dituzten nanoegiturak doitasun atomikoz egitea lortu dute Berkeleyko Unibertsitateko talde batek eta Materialen Fisika Zentroak (CSIC-UPV/EHU) Nature Nanotechnology aldizkari ospetsuan argitaratu da lan hori.

Grafenoa da materialik meheena (ia gardena), erresistenteena, zurrunena eta, aldi berean, elastikoena, bero-eroale onena, karga-eroaleen mugikortasun handiena duena... Propietate elektronikoak, adibidez, izugarri alda dakizkioke, sistema nanoegituratuetan sartuz, adibidez. Horregatik, hain zuzen ere, elementu elektroniko oso interesgarriak dira zabalera nanometrikoko grafeno-zerrendak edo -ilarak. Alabaina, nanozerrenda horien egituretako aldaketa txikienek ere propietate elektronikoetan eragioten dituzten gorabeherak direla eta, doitasun handiko kontrola (maila atomikokoa) behar da haien potentzial guztia aprobetxatzeko.

Nanoteknologia konbentzionalean erabiltzen diren teknika litografikoek ez dute, ordea, halako bereizmenik eta doitasunik. 2010ean, ordea, molekulen automihiztaketaren bidez nanozerrendak doitasun atomikoz sintetizatzeko modua aurkitu zen. Horretarako diseinatutako molekulak azalera batean jarri zituzten, elkarrekin erreakzioa egin eta erabat definitutako grafeno-nanozerrendak era zitzaten, erraz erreproduzitzeko moduko prozesu baten bidez. Kanpotiko esku-hartze bakarra, berriz, molekulak tenperatura egokiraino berotzea zen. 2013an, grafeno-nanozerrenda zabalagoak eratzen zituzten eta, horrenbestez, propietate elektroniko berri batzuk zituzten molekula berri eta zabalago batzuei aplikatu zien kontzeptu hori Berkeleyko Unibertsitateko eta CSICen eta UPV/EHUren arteko zentro mistoa den Materialen Fisika Zentroko zientzialari-talde batek. Beste urrats bat ere egin du aurrera, orain, talde horrek: bi zabalera desberdinetako grafeno-nanozerrenden segmentuak uztartzen dituzten heteroegiturak egin dituzte, automihiztaketa horren bidez.

Erruz erabili izan da ingeniaritza elektronikoan material desberdinezko heteroegituren erakuntza, zeinaren bidez aurrerapauso handiak egin dituen elektronika konbentzionalean. "Orain, lehenbizikoz, maila molekularrean eta doitasun atomikoz grafeno-nanoegituren heteroegiturak eratzea lortu dugu, haien egitura modulatuz. Bestalde, tunel-efektuko mikroskopia eta espektroskopia bidezko karakterizazioak eta lehen printzipioen araberako haien kalkulu teorikoek frogatu dutenez, propietate elektroniko oso interesgarriko sistema bat eratzen da, non putzu kuantikoak deritzenak ere sortzen diren, besteak beste", dio proiektu horretako partaide izan den Dimas de Oteyza zientzialariak. Nature Nanotechnology aldizkari ospetsuan argitaratuko dira, aste honetan, lan horren emaitzak, zeinak aurrerapauso garrantzitsua diren grafenoa aplikazio elektroniko komertzialetan txertatzeko.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: