#GaiNagusiak

Barne-kutsadura kontrolatzeko sentsore miniaturizatuak

Noiz argitaratua: 14/11/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Teknologia
 INTASENSE

Gaur egun, eraikin barruan arnasten dugun airearen kalitatea mehatxatzen duten elementu anitzekin bizi gara. Gure ingurunean flotatuz dabiltza, esate baterako, bentzenoa eta formaldehidoak (zeinak garbiketa-produktuetatik, kosmetikoetatik, bernizetatik edo pinturetatik baitatoz), bai eta kanpoaldeko beste kutsatzaile batzuk ere (karbono monoxidoa, nitrogeno-oxidoak). Konposatu horiek oso toxikoak dira, baita kontzentrazio oso txikietan ere, eta minbizia ekar dezakete.

Testuinguru horretan, orain dela gutxi amaitu den INTASENSE (www.intasense.eu) proiektuak Europako 5 herrialdetako (Erresuma Batua, Herbehereak, Alemania eta Espainia) zortzi talde bildu ditu, barrualdeko airearen kalitatea neurtzeko sistema merke eta txiki bat garatzeko. Ikerketa “Energy Efficient Buildings-EeB” (Eraikin Energetikoki Eraginkorrak) zeharkako deialdiak finantzatua izan da, eta aipatutako arloaz gain, enpresa munduko zenbait alderdi ere jorratu dira proiektuan, hala nola diseinatutako gailuen etorkizuneko fabrikazioa eta komertzializazio lehiakorra. Ikerketan, enpresek, unibertsitateek eta ikerketa-zentroek hartu dute parte, eta, arrakasta lortu asmoz, beren ikuspegia eta ezagutzak azaldu dituzte proiektuan.

Aipatutako konposatuak detektatzen dituen sentsore konduktometrikoak garatu ditu CEIT-IK4k. Gailu horiek fabrikatzeko kostua oso baxua da, INTASENSE proiektuaren helburu nagusietako bat horixe izan baita: eraikin bateko atal guztietan instala daitekeen sistema merke bat garatzea. Kostu txikiko gailu horrek, alde batetik, gasak eta lurrun toxikoak monitorizatzea ahalbidetzen du, eta, bestetik, esekita dauden partikulen kantitatea zehazten du. Horrela, hiru sentsore garatu dira, eta haien seinaleen batura “sudur elektroniko txiki” gisa erabiltzen da aipatutako konposatu toxikoak ziurtasunez neurtzeko.

Erabiltzaileak airearen kalitatearen adierazle gisa erabil dezake seinalea era independente batean, edo, bestela, aire-girotuaren sistemara erants daiteke, aztertutako airearen ezaugarrien arabera aireztapen adimendun bat martxan jartzeko. Horretaz gain, sisteman haririk gabeko konexioa ezartzea aurreikusi da, sentsore-sare baten bidez eraikin bateko gela guztiek kontrol zentralizatua izateko.

Garrantzitsua da aipatzea proiektu arrakastatsu gisa aurkeztu zela proiektua "Energy Efficient Buildings" taldearen topaketan (martxoan, Bruselan).

Informazio osagarria

  • INTASENSE, CEIT-IK4
Alvaro Vilallonga

Egilea: Alvaro Vilallonga (CEIT-TECNUN)

Laguntzailea: