#GaiNagusiak

Azukre-erremolatxa, barazki, mahats eta ardoaren produkzioan jasangarritasuna hobetzeko softwarea

Noiz argitaratua: 14/11/17 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Informatika
 Argazkia

Azukre-erremolatxaren, barazkien, mahatsaren eta ardoaren produkziorako software bat landu du Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mendeko erakunde den Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak, HAZI Fundazioarekin (landa, itsasertz eta elikagaien garapena) eta IK Ingenieria (produktuen eta zerbitzuen ekodiseinua eta ingurumen berrikuntza) aholkularitza enpresarekin elkarlanean. Produktuen bizi-zikloa eta karbono-aztarna nahiz aztarna hidrikoa aztertzeko aukera ematen du, besteak beste, produktu horrek. Nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien sektorearen jasangarritasuna hobetzen lagunduko du tresna horren erabilerak, bai eta produkzioaren ingurumen-inpaktua ahalik eta gehiena gutxitzen ere. Europar Batasuneko LIFEk programak finantzatzen duen AGROLCA-Manager proiektuaren emaitza da tresna informatiko hori, eta hilaren 17an aurkeztuko dute, Bilbon, Basque Ecodesign Meeting 2014 nazioarteko ekitaldian.

Web plataforma batean izango dute erabiltzaileek eskuragarri AGROLCA-Manager proiektua. Horrenbestez, aukera izango du ekoizleak 15 ingurumen-adierazle kalkulatzeko; besteak beste, karbono-aztarna, aztarna hidrikoa, karbono-balantzea eta ekotoxikotasun potentziala. Erabiltzailearen lehentasunen arabera azal daitezke adierazle horiek: zenbat produktu kiloko, hektareako, etab. Ingurumen-alderdi ugari kontuan hartzeaz gain, arreta berezia jartzen zaie beste prozesu batzuei, hala nola nitrogenoaren lixibiazioari —euri-urak edo ureztapenak eragindako nitrogeno-galerak— eta produktu fitosanitarioen aplikazioari.

Erabiltzaileak aplikazioan sartzen dituen datuetatik abiatuz kalkulatzen dira adierazleak, edo, bestela, landa-koaderno elektronikotik hartzen. Han jasotzen dira azukre-erremolatxaren, barazkien eta mahatsaren eta ardoaren produkzio-sistemei aplikatzen zaizkien legeak eta jardunbide egokietako batzuk. Hartara, aukera dauka enpresa bakoitzak bere ingurumen-emaitzak ondoen egokitzen zaizkion hobekuntza-jarraibide espezifikoekin lotzeko, enpresa bakoitzaren ingurumen-egoera eta indarreko legediaren betetze-maila kontuan hartuz. Hona tresna informatiko horren beste abantaila bat: produktuen ekoberrikuntzarako potentzialari buruzko datuak jasotzeko aukera.

Ardogintzaren sektorean duen aplikazioaren adibide gisa, esan dezagun produkzioaren etapa guztiak hartzen dituela softwareak: landa-fasea, ardoa upeltegian dagoen fasea eta hondakinak kudeatzekoa. Landa-etapan, inausketa, ongarrien aplikazioa eta tratamendu fitosanitarioak, besteak beste, kontrola ditzake ekoizleak. Upeltegiko fasean, ardogintzako prozesurik esanguratsuenak har daitezke kontuan, hala nola mahats-bilketa, hartzidura alkoholikoa, ardoaren upeleko ontzea eta botilatzea.Horri esker, ingurumen-ikuspegitik beren prozesuak hobetzearekin batera, ingurumen-arloan sentiberak direla erakusten diote upategiek kontsumitzaileari, eta horrek lehiarako abantaila ematen die.

Nekazaritzako elikagaien sektorean diharduten enpresa txiki eta ertainei laguntzea


AGROLCA-Manager proiektuaren helburua hau da: lehen sektoreko nekazaritza-elikagaien enpresei laguntzea, bereziki enpresa txiki eta ertainei, produktuek beren bizi-zikloan eragiten duten ingurumen-inpaktua ahalik eta gehiena murrizteko. Landutako webgune espezializatuak, berriz, enpresen iraunkortasuna eta lehiakortasuna handitzea du helburu. Honenbestez, beren produktuen bizi-zikloaren fase desberdinak aztertzeko aukera emango die enpresei ingurumen-software horrek, produkzioan erabiltzen dituzten baliabideen kudeaketa hobetu eta hondakin gutxiago ekoizteko.

Produkzio-sistemek funtsezko hobekuntzak behar dituztela ongi asko dakite nekazaritzako elikagaien sektorean, bai baliabideen erabilera eraginkorraren aldetik, bai ingurumen-inpaktuen murrizketarenetik. Beraz, Bizi Zikloaren Analisirako (BZA) metodologia aplikatzeko ad hoc software bat izatea funtsezkoa da nekazaritzako elikagaien sektorean diharduten enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko.

Informazio osagarria

  • Argazkia, Neiker
  • Argazkia, Neiker
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, Neiker
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, Neiker
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: