#GaiNagusiak

AZTIk eta IEOk lankidetza zientifikoko hitzarmena sinatu dute

Noiz argitaratua: 14/12/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 Ramón Margalef ontzi ozeanografikoa

AZTIk eta Espainiako Ozeanografia Institutuak (IEO) lankidetza-hitzarmena berritu dute gaur, Espainiako Arrantza Tokien Programa egiten jarraitzeko. Programa hori funtsezkoa da arrantza-baliabideen kudeaketa jasangarrirako, baliabideok izanik gure elikaduran erabiltzen dugun proteina-iturri basati, osasungarri eta natural bakarra. Hitzarmenaren helburuak dira arrantza-tokietako laginketa egitea eta informazioa biltzea, eta stockak (EAEn, AZTIk kudeatzen ditu) zer egoeratan dauden jakiteko kanpaina zientifikoak egitea, IEOrekin lankidetzan. Hitzarmena AZTIren Pasaiako egoitzan sinatu da, non IEOren 100. urtemuga ospatzeko ekitaldi bat egin den. Hain zuzen ere, institutu horren Ramón Margalef ontzi ozeanografikoa Pasaiako portuan (Gipuzkoa) dago.

Rogelio Pozo, AZTIko zuzendari nagusia, eta Eduardo Balguerías, IEOko zuzendaria, arduratu dira hitzarmena sinatzeaz, eta, hari esker, 2014-2020rako Arrantza Tokien Laginketa Programari heldu ahal izango zaio, Europako araudiek ezarritako baldintza teknikoei jarraikiz. Bi arduradunek parte hartu dute IEOren mendeurreneko ekitaldian , AZTIren Pasaiako egoitzan, eta han izan dira, orobat, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, eta Vicente Zaragüeta, Donostiako Aquariumeko lehendakaria. Ekitaldian, IEOren ibilbidea berrikusi da, eta sortzailea ekarri da gogora, Odón de Buen, Espainiako ozeanografiako aitzindaria.

AZTIk 2014-2020 aldirako egindako arrantza-tokietako laginketa eta informazioa biltzeko lanek 21 milioi euroko kostua izan dute. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak kudeatuko ditu funts horiek. Zenbatekoaren % 40 eman du zuzendaritzak, eta gainerako % 60a, berriz, EBk finantzatuko du, Europako Arrantza Funtsaren (FEMP) esparruan. AZTIk Laginketa Programan egiten duen lanean, euskal floten jarduera sartzen da, eta datuak erabiltzen eta aztertzen ditu euskal flotarako interesgarriak diren arrantza-tokietako populazioak ebaluatzeko eta kudeaketari buruzko aholkuak emateko.

FEMPen helburu orokorrak dira arrantzaleei arrantza jasangarrirako trantsizioan laguntzea, kostaldeko komunitateei babesa ematea beren ekonomiak dibertsifika ditzaten, eta kostaldeko eremuetan enplegua sortzeko proiektuak finantzatzea. Europako laguntza horietaz gain, Eusko Jaurlaritzak funts gehigarriak ditu bere arrantza-politikak gauzatzeko, EBren arrantza-politikak ezartzen dituen gidalerroekin bat datozenak. Eusko Jaurlaritzak ikerketa zientifikoaren alde egindako konpromisoa nabarmendu du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek. Izan ere, “Jaurlaritzak bere gain hartu du erantzukizun finantzarioa, eta lehentasuna eman dio arrantzako baliabide naturalen kudeaketari, ikerketa horien emaitza gisa lortuko den informazio zientifikoan oinarrituta. Hurrengo urteetan egingo dira ikerketa horiek, eta datu oso garrantzitsuak emango dituzte Euskadiko flotarentzat”.

Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du ozeanografia- eta arrantza-ikerketan, 1981eko errege-dekretu baten arabera. Urte horretatik, ezagutza eta balio erantsi handiko produktu eta zerbitzu teknologikoak sortzeko ikerketa-proiektuak egiten ditu AZTIk. Ekonomiaren Garapeneko eta Lehiakortasuneko Sailarekin sinatutako esparru-hitzarmen baten bidez, Eusko Jaurlaritzari eskuordetutako ozeanografia- eta arrantza-ikerketako eskumenak gauzatzen ditu, eta arlo horretako kudeaketarako oinarri zientifikoetako aholkularitza-jarduerak egiten ditu.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, AZTI
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, AZTI
  • Ramón Margalef ontzi ozeanografikoa, AZTI
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: