#GaiNagusiak

Azti-Tecnaliak itsaslasterren profilatzaile baten sekretuak argitu ditu, Kanadatik jitoan etorririk Bilboko portuan aurkitu eta gero

Noiz argitaratua: 14/09/25 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Lurraren zientziak
 None

Groenlandia eta Kanada arteko Davis itsasartetik, Bilboko porturaino. Bide hori egin du itsaslaster-profilatzaile batek, orain gutxi Eusko Jaurlaritzako Arrantzako Ikuskapen Zerbitzuaren itsasontzi batek jaso zuen arte. Azti-Tecnaliako ikertzaileak arduratu dira hura garbitzeaz eta haren datuak deskargatzeaz. Jasotako tresna itsaslaster-profilatzaile bat da (hau da, korronteen abiadura, itsasoaren tenperatura, gazitasuna eta lasterrak, besteak beste, neurtzen dituen gailu bat), zortzi buiako armazoi bati lotua. Eusten zion kabletik askatu zen 2012ko abenduan. Harrezkero, jitoan ibili da harik eta Bilboko portutik pare bat kilometrora jaso duten arte.

Aurkitu zutenean, lanpernek eta beste molusku batzuek inbaditua zuten gailua. Garbitutakoan jakin zuten Integrated Observational Platforms (IOP) erakundearen itsaslaster-profilatzaile bat zela; Washingtoneko Unibertsitateko ikerketa-talde bat da hori, Seattlen lan egiten duena (Estatu Batuak).

Goi-mailako teknologia darabilen ekipo bat zen arren, Luis Cuesta Azti-Tecnaliako teknikariak arazorik gabe atera zituen han gordeta zeuden datuak, zentro teknologikoak itsaslasterrak aztertzeko erabiltzen dituen tresnen antzekoa baitzen.

Eskuratutako datuak ikusita, jakin zen itsaslaster-profilatzailea 2011ko urriaren 5ean jarri zutela itsasoan, 67° 02,2’ ipar eta 57° 02,1’ mendebalde posizioan, Davis itsasartean. Tresna-lerro batean zegoen, zeina 690 metroko sakoneran ainguratua baitzegoen. Kablean, neurgailu bat baino gehiago jarrita zeuzkaten, besteak beste tenperatura, gazitasuna eta itsaslasterrak neurtzeko. Aurkitutako profilatzailea, zehazki, 104 metroko sakoneran zegoen.

“Gailuaren memoria-txartelaren arabera, profilatzaileari eta gainerako gailuei eusten zien kablea 2012ko abenduaren 22an hautsi zen”, adierazi du Cuestak. “Baliteke kablea izotz-geruzen presioagatik haustea, edo arrantzaleen ekintza bandalikoren baten ondorioz”, gehitu du.

Ikusitakoak ikusita, Azti-Tecnaliako teknikarien teoria da Labrador izeneko itsaslasterrak bultzatu zuela profilatzailea hegoalderantz, harik eta Golkoko itsaslasterrak harrapatu zuen arte.

Teoria hori berretsi egin zuten Washingtoneko Unibertsitateko espezialistek berek, Carlos Hernández Azti-Tecnaliako ikertzailea haiekin harremanetan jarri zenean. “Washingtoneko Unibertsitateak jakinarazi zigunez, –azaldu du Hernándezek– Davis itsasartean ainguratutako tresna-lerroko buietako bat Fogo uhartean agertu zen 2013ko maiatzean, Ternuako ipar-ekialdeko kostan (Kanada)”. Ikertzaileak azaldu duenez, “aurkikuntza honek berresten du Labrador itsaslasterrak eraman zituela bi elementu flotatzaileok ur azaletik hegoalderantz, nahiz eta Bilboko portuan aurkitutakoak jitoan jarraitu zuen Golkoko itsaslasterrak harrapatu eta adarretako batek Kantauri itsasora eraman arte”.

“Ipar Amerikako unibertsitateak eskerrak eman dizkigu –adierazi du Hernándezek– profilatzailean 2012ko abendutik urte eta erdiz metatutako informazioa berreskuratzeko aukera eman diegulako, bai eta balio material handia galtzea eragotzi dugulako ere, 23.000 dolarreko balioa baitu neurgailuak”.

Goi-teknologiako ekipamenduak

Azti-Tecnaliako teknikariak ohituta daude azken belaunaldiko ozeanografia-ekipoak erabiltzen, eta horri esker interpretatu ahal izan dute Washingtoneko Unibertsitatearen profilatzailean metatutako informazioaren edukia. Zentro teknologikoak, gainera, Euskalmetek Bizkaiko golkoan ur sakonetan dauzkan buiekin lan egiten du zenbait aldagai ozeaniko-meteorologikoren jarraipena egiteko . Buia horiek bidaltzen duten informazioa baliagarria da, besteak beste, itsas espezie jakin batzuk nondik igarotzen diren jakiteko eta itsasora erori diren pertsonak erreskatatzen laguntzeko.

Berreskuratutako buiaren bidaiak agerian uzten du ozeanoetako itsaslaster handiek elkargune garrantzitsu bat dutela Bizkaiko golkoan. Horregatik iristen dira inguru horretara oso urrutitik jitoan ibilitako elementuak.

Informazio osagarria

  • , Azti-Tecnalia
  • , Azti-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Azti-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Azti-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: