#GaiNagusiak

Aro nuklearra ote Antropozenoaren hasiera?

Noiz argitaratua: 15/01/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Lurraren zientziak
 Tunel Boca hondartza, Punta Galea, Getxo

Gizakiok inpaktu nabarmena ari gara eragiten Lurrean, eta haren geologia ere eraldatzen ari gara jada: etorkizunean iraungo duten geruza berri eta bereziak sortu dira. Horixe da, hain zuzen, Antropozenoaren atzean gordetzen den ideia:gure planetaren historiaren garai bat, Paul Crutzen Nobel saridun eta kimikari atmosferikoak duela 15 urte proposatua. Harrezkero, ideia hori izugarri zabaldu da, zientzian eta giza zientzietan.

Baina, Antropozenoa garai geologiko bat bada, noiz hasi zen? Gizakiok denbora asko daramagu ingurumena eraldatzen, eta milaka urteko aldea dago Antropozenoaren hasiera-data batzuetatik beste batzuetara: nekazaritzaren sorrerarekin batera hasi zela diote batzuek; Iraultza Industrialak eragin zuela, beste batzuek, edo etorkizunean hasiko dela, zenbaiten iritziz oraindik iristeke baitaude, seguru aski, gizakiaren eraginez izango diren aldaketa nagusiak.

Antropozenoa formalki aztertzen ari den nazioarteko lantalde batek iradoki duenez, berriz, inflexio-puntua XX. mendearen erdialdean gertatu zen, une hartan utzi baikenion gizakiok gure jardueren aztarna hutsak lagatzeari eta Lur Sistema bere osotasunean eraldatzen hasi ginen. "Azelerazio handia" gertatu zen biztanlerian, karbono-emisioetan, espezieen inbasio eta desagertzean, lurraren eta zoruen mugimenduan, eta zementu, plastiko eta metalen ekoizpenean.

Kontzeptu horrek aro nuklearraren hasiera ere hartzen du aintzat; zehazki, isotopo erradioaktiboak gure planetan barreiatu ziren garaia, poloetatik ekuatorera, eta ia lurraren gainazal osoko geruza modernoetan seinale detektagarria utzi zutenekoa.

Bost kontinenteetako hainbat ikerketa-zentro eta unibertsitatetako zenbait lagunek osatutako lantalde bateko 26 kidek sinatzen dute kontzeptu hori aldarrikatzen duen idazkia; tartean dira Jan Zalasiewicz (Leicesterreko Unibertsitatea, Erresuma Batua), taldeko arduraduna; Paul Crutzen Nobel sariduna, eta UPV/EHUko Alejandro Cearreta. Proposamen horren arabera, aurreneko bonba nuklearrak eztanda egin zuen garaia jo behar da Antropozenoaren hasiera-unetzat, 1945eko uztailaren 16a, alegia. Aro nuklearraren hasierak inflexio-puntu historikoa adierazten du, sinatzaileen iritziz; izan ere, harrezkero gizakiok energia-iturri berri eta erraldoi baterako sarbidea izan dugu. Era berean, askotariko ebidentzia geologikoak direla medio, geruza geologikoetan ikusgai dagoen denbora-tarte bat ere bada. Gizakiak eragindako erradiazio global horrek ezin hobeto laburbiltzen ditu gure espeziea eragiten ari den eta dagoeneko nabarmena den planeta-aldaketaren ezin konta ahala ebidentziak.

Datorren urtean, zenbait gomendio emango ditu Antropozenoari buruzko lantaldeak: denbora-unitate berri hori ofizialki formalizatu behar litzatekeen edo ez, eta denbora geologikoko taulan txertatu. Baiezkoa erabakitzekotan, Antropozenoa nola definitu eta ezaugarritu erabaki beharko litzateke.

Informazio osagarria

  • Tunel Boca hondartza, Punta Galea, Getxo, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra_euskaraz, UPV/EHU
Komunikazio Arduraduna

Egilea: Komunikazio Arduraduna (BCAM - Basque Center for Applied Mathematics)

Laguntzailea: