#GaiNagusiak

Ariketa fisikoak eragiten duen urtikariari aurre egiteko, antigorputz bat ari dira ikertzen

Noiz argitaratua: 15/01/13 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Ikerketa-taldea

Urtikaria kolinergikodun pazienten artean omalizumab farmakoak zer eraginkortasun- eta segurtasun-maila duen ari da aztertzen Nafarroako Unibertsitatea Klinikako espezialista-talde bat. Ariketa fisikoa egitean zenbait gizon-emakumeri eragiten dien erreakzio alergikoa da gaixotasun hori. Pazienteak errekrutatzeko fasean dago azterketa, eta, urtebeteko epean, antihistaminikoekin egindako tratamenduen bidez hobetu ez diren 14 urtetik gorako 24 gizon-emakumek hartuko dute parte. Novartis konpainia farmazeutikoak finantzatzen du saiakuntza.

Omazilumab farmakoaren eraginkortasuna aztertuko du probak. Antigorputz monoklonal gizatiartu bat da omazilumaba, eta medikamentuaren fitxa teknikoak dioenez, "DNA birkonbinatuaren teknologiaz egiten da. H1 antihistamitikoen bidezko trartamenduari egokiro erantzuten ez dioten paziente heldu eta 12 urtetik gorako nerabeen bat-bateko urtikaria kronikoa tratatzeko erabiltzen da".

Klinikako Alergologia Saileko zuzendari eta saiakuntza kliniko horretako ikertzaile nagusi den Marta Ferrer Pugaren ekimenez ari da egiten ikerketa, Nafarroako Unibertsitatea Klinikak sustatuta. Nafarroako ospitale horrek ez ezik, beste zazpik ere hartzen dute parte azterketan: Nafarroako Ospitaleguneak, Bartzelonako Clinicek, Madrileko Gregorio Marañónek, Tarragonako Joan XXIIIk, Bartzelonako Vall D´Hebronek, Zaragozako Clínico Universitario Lozano Blesak eta Asturiasko Universitario Centralek.

Ezintasun handia eragiten duen gaitza

Ariketa fisiko bidez edo pasiboki (ur berotan bainatzeagatik, adibidez) gorputzaren tenperatura igotzean azaltzen da urtikaria kolinergikoa. Pruritoa (azkura) eta azaleko erupzioak (baba-itxurako hanturak) eragiten ditu, betiere gorritze orokorra duen azalaren gainean, "eta gorputzaren tenperatura jaistean desagertzen da", dio Ferrer doktoreak.

Ezintasun handia eragiten du gaixotasun horrek, beste urtikaria fisiko batzuek bezala (presio atzeratukoa, dermografismoa eta hotzagatiko urtikaria, besteak beste). Urtikaria kronikoak bezala, bestalde, fisikoek ere inpaktu handia eragiten dute pazienteen bizimoduan. "Eguneroko bizimoduan ezartzen dituzten mugapenak dira urtikaria fisiko horien ondoriorik larrienak bizi-kalitateari dagokionez; besteak beste, kirol-jardueran eta laneko errendimenduan eragiten dituztenak", dio Ferrerrek. Hori dela eta, urtikaria kolinergikoa duten pazienteek ezin dute lanik egin tenperatura altuak izaten dituzten lantegietan (sukaldeak...), ezta esfortzu fisikoa egin behar izaten den jardueretan ere. "Sintomak agertzeko atalasea oso baxua dute paziente batzuek", zehaztu du aipatutako espezialistak.

Adierazpenik larrienetan, "erosketak egitera oinez joateagatik ere azaldu ohi zaizkie sintomak paziente batzuei". Jende askori eragiten dion arren, orain artean ez da jakiterik izan zerk sortzen duen gaitz hori, eta ez dago, oraingoz, haren sintomak leuntzeko tratamendu eraginkorrik. Beste urtikaria-mota batzuk kontrolatzen dituzten antihistaminikoek, izan ere, eraginkortasun partziala besterik ez dute urtikaria kolinergikoaren aurka. Ferrer doktorearen iritziz, "gaixotasunaren fisiologian histaminak duen eragin eskasagatik da hain txikia antihistaminikoekiko erreakzioa".

Informazio osagarria

  • Ikerketa-taldea, UNA
  • icono_documento
    Prentsa-oharra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: