#GaiNagusiak

3D soinuetan oinarritutako GPS bat diseinatu du Vicomtech-IK4k itsuentzat

Noiz argitaratua: 15/01/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia

Hemendik aurrera, autonomiaz eta seguru mugitu ahalko dira itsuak eta ikusmen-arazoak dituztenak, 3D soinuen bidez gidatzen den sistema aitzindari bati esker. Erabilerraza da sistema, eta eskuragarri dago jada. Itsuentzat edo ikusmen urriko pertsonentzat diseinatu da berariaz sistema (GPS bat), eta ikusmen eskaseko egoeretan edo larrialdietako lanetan ere erabil daiteke.

ARGUS izeneko europar proiektu baten emaitza da sistema. Vicomtech-IK4 izan du buru proiektuak, non Alemania, Austria, Erresuma Batua eta Espainiako zenbait enpresak eta zentrok ere jardun duten.

Sistema berritzaile horren 3D soinuen eta geolokalizazioaren bidez, buruz eta doitasun handiz antola dezake erabiltzaileak egin behar duen bidea. Kriskitinak, txilinak, musika-notak eta bestelako 3D soinu labur eta errazen bidez, helmugaraino gidatzen du GPSak erabiltzailea. Maiztasun jakin batekin errepikatzen dira soinu horiek. Edozein gailu mugikorrek sor ditzake soinuak; adibidez, erabiltzaileak berak daraman smartphone batek. Soinu horiei esker, une oro daki itsuak nondik jo behar duen helmugara iristeko.
Donostian probatu da sistema aitzindari hori: 500 metroko ibilbidea egin du itsu batek (Zuriñe de Anzola) Gipuzkoako Parke Teknologikoan, autonomia osoz, ezagutzen ez zuen ingurune batean eta, are garrantzitsuagoa, erabateko segurtasunez.

Sistema horren helburua ez da itsuen ohiko nabigazio-metodoak ordeztea (makila, txakur gidaria...), baizik eta haien osagarri izatea, ezagutzen ez dituzten inguruneetan seguru ibil daitezen.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, Vicomtech
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, Vicomtech
Itziar Blanco

Egilea: Itziar Blanco (VK Comunicación)

Laguntzailea: