#GaiNagusiak

Emilio José Cocinero
UPV/EHUko Fisika Kimikoko Departamentuko ikertzailea

“Jakintza- eta ideia-trukea lagungarri da ikuspegi hobea izateko eta gure ikerketei irtenbide hobeak aplikatzeko”

Argitaratze-data: 13/01/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika
“Jakintza- eta ideia-trukea lagungarri da ikuspegi hobea izateko eta gure ikerketei irtenbide hobeak aplikatzeko”
Emilio José Cocinero. UPV/EHUko Fisika Kimikoko Departamentuko ikertzailea

Ezer baino lehen, zorionak.

Ezer baino lehen, zorionak. Zer garrantzi dute zuretzat sari hauek?

Egia esan, ohore handia da aitortza hauek jasotzea lanbideko beste kide batzuengandik, horrek esan nahi baitu ongi ari naizela lanean. Espainian, gaztea izanda, eta batez ere krisi-garai hauetan, zaila da norberaren ideiak aurrera eramateko aukera izatea; alde horretatik, espero dut sariek lagunduko didatela zientzia egiten jarraitzeko behar dudan laguntza lortzen, zientzia egitea baitut nik gogoko.

Gaur egun, UPV/EHUko Kimika Fisikoaren Sailean ari zara lanean.

Hori da. Espektroskopia Taldearen barruan nago, Fernando Castaño katedraduna dugula buru, eta taldearen ikerketa-lerroetako bat gidatzeko zortea daukat. Gure laborategia ongi hornitua dago, eta nazioarteko laborategi onenen pare dago. Ikerketa-lerro bat baino gehiago daramagu. Haietako bat laser ultraarinen bidez erreakzio-prozesu dinamikoak aztertzeaz arduratzen da; beste bat, aerosolek atmosferaren kutsaduran duten eragina aztertzeaz; beste bat, nanoteknologian eta nanomagnetismoan ari da lanean; eta beste bat, farmazia-talde batekin eta Gurutzetako ospitalearekin batera, gaixotasunak analisi lipidomikoaren bidez aztertzen ari da.

Ni, gehienbat, interes biologikoa duten molekulen (azukre, aminoazido, farmako…) azterketa estrukturalean sartua nago. Gure esperimentuetan, molekula horien hiru dimentsioko egitura zein den ikus dezakegu, eta, halaber, molekulak egonkortzen dituzten interakzioak karakterizatzen ditugu gaur egun ezagutzen den metodorik zehatzenetako baten bitartez.

Hain zuzen, teknika horren azken aurrerapenen berri izateko, aurten hilabeteko egonaldi bat egin dut Estatu Batuetan, Brooks Pate irakaslearen laborategian, Virginiako Unibertsitatean. Ikertzaile horrek iraultza bat egin du mikrouhinen alorrean, tresna berri batekin, zeinak aukera ematen baitu denbora gutxian errotazio-espektroaren sekzio oso handietara iristeko. Gure laborategian, dagoeneko inportatu dugu teknologia hori, eta sistema optimizatzeko prozesuan gaude.

Bitartean, emaitza onak lortzen ari zarete: artikulu bat argitaratu duzue Naturen, zuen beste artikulu bat azalean agertu da Angewandte Chemie International Editionen…

Nature erreferentzia bat da diziplina anitzeko aldizkarietan, eta eskuarki artikulu gehienak medikuntzari, genetikari eta abarri buruzkoak izaten dira. Oso zaila da nire alorreko artikuluak, kimika fisikokoak, aldizkari horretara iristeko adinako oihartzuna lortzea. Niretzat ohore handia da Naturek efektu anomerikoari buruzko gure artikulua sartu izatea bere zenbakietako batean.

Bestalde, erribosari buruzko gure artikulua Angewandte Chemie International Editionen azalean agertzea (kimikako aldizkari diziplinartekorik hoberena da, seguruenik) balio handikoa da, eta animoa emango digu egiten ari garen ikerketarekin jarraitzeko.

Erribosari buruzko gure azterketa estrukturalak (RNAren eskeletoa osatzen duen azukrea da erribosa) ate bat ireki du halako sistemen azterketari heltzeko. Zailtasun esperimental bat ere bazegoen lagin solido horiek fase gaseosora pasatzeko. Azukre horiek iheskor agertzen ziren berotze-metodo klasikoekin, eta are metodo sofistikatuago batzuekin, hala nola laser bidezko lurruntzearekin.

Guk, berriz, lortu dugu erribosa lurruntzea, laser ultraarin batetik datorren erradiazio ultramoreari esker, eta gero azukre horren sei egitura desberdin karakterizatu ditugu. Aurkitutako egitura horien gauzarik deigarriena da sei kideko zikloak izatea; hau da, izaki bizidunetan agertzen direnez oso bestelako egiturak, izaki bizidunetan bost kideko uztaitan ziklaturik agertzen baitira.

Laborategian lortutako datuak erabil ditzakete erradioastrofisikariek ere, izar arteko detekzioetarako. Erribosa egitura-unitate oinarrizkotzat jotzen da, eta bizia sorrarazi zuen material prebiotikoaren osagai izateko hautagaietako bat da.

Paristik iritsi berria zara, eta Zaragozarantz ateratzekotan zaude. Garrantzitsua da bidaiatzea eta beste laborategi batzuetako kideekin harremanetan egotea?

Hala da. Aurten, dagoeneko izan naiz Suitzan, Estatu Batuetan, Frantzian, bi aldiz Madrilen, eta oraindik Zaragozara eta Sevillara joatekoa naiz. Taldeek elkarri laguntzea beharrezkoa eta funtsezkoa da gure lanean. Ezagutza eta ideiak trukatzea, arazoei perspektiba desberdinetatik eta are jakintza-arlo desberdinetatik heltzea, lagungarri da ikuspegi hobea izateko eta gure ikerketei irtenbide hobeak aplikatzeko.

Beste arlo batzuetan bezala, ikertzen jarraitzeko beste osagai funtsezko bat finantzaketa izango da, ezta?
Bai, jakina. I+Gko murrizketak ikaragarriak izaten ari dira, eta kalte handia egiten ari zaizkigu; oso zailtasun handiak ditugu geure ikasleak finantzatu ahal izateko. Gure plantillei euste hutsa asko da; handitzea pentsatzen hastea utopia bat da oraintxe bertan. Urrutira gabe, Ramón y Cajal programa —goi-mailako zientzialariak hartzeko programa izarra, duela hamar urte baino gehiago abiarazia Espainiako I+Grako garunak berreskuratzeko eta erakartzeko— hamaika hilabete atzeratu da aurten, eta horrekin promozio bat galduko da. Egoera berean daude beste kontratu-, beka- eta laguntza-mota batzuk. Begi-bistakoa da finantzaketarik gabe ezin dela ikerketarik izan, ezinezkoa dela gure laborategiak mantentzea.

Ikerketa: adikzio bat, jolas bat, ipuin bat

Bere lana jarduera adiktiboa dela dio Cocinerok. Berez lanaldiari dagozkionak baino askoz ordu gehiago eskaintzen dizkiola dio, baina ez zaiola axola, “bokaziozkoa delako”.

Berarentzat, erronka bat da, eta oso motibagarria zaio, proiektu berri batean sartzen denean aldez aurretik ez jakitea planteatzen dituen arazoen erantzunak, eta atsegin handia ematen dio azalpen logiko batera iristeak. Hasierako helburuak lortzera iristen ez den kasuan ere, merezi izan duela sentitzen du, bidean ikasi eta aurkitu duen guztiagatik.

Gainera, “nahi duena” egiteko zortea daukala dio, berak aukeratzen baitu zer gai aztertu eta ez baitu ikerketak arlo jakin batera bideratzeko inolako betebeharrik.

Beraren hitzetan, “jostailu batzuk dituzu hor, eta zuk zeuk aukeratzen duzu zertan jolastu”. Alde horretatik, aitortzen du askatasun handia duela. “Eta, jolasaren amaieran, ondorio batzuetara iristen zarenean, artikulu bat idazten duzu; azken batean, ipuin bat!”.

Laguntzailea: