#GaiNagusiak

Jocelyn Bell Burnell
Pulsarren aurkitzailea

“Bigarren pulsarra aurkitzea eureka-unea izan zen“

Argitaratze-data: 14/02/01 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak:
“Bigarren pulsarra aurkitzea eureka-unea izan zen“
Jocelyn Bell Burnell. Pulsarren aurkitzailea

Zure aurkikuntza 1967an izan zen. Baina quasarren bila ari zinen, eta ez pulsarren bila.

Zure aurkikuntza 1967an izan zen. Baina quasarren bila ari zinen, eta ez pulsarren bila. Zein zen quasarrak bilatzearen arrazoia?

Garai hartan, ulertu berria genuen quasarrak oso-oso urruti zeudela. Bagenekien irrati-uhinen iturri indartsuak zirela, eta horregatik jakin nahi genuen nolatan ziren hain indartsuak. Argitasun izugarria izan behar zuten. Horregatik, oso interesgarriak iruditu zitzaizkigun; puntako gai bat. Baina ez genituen quasar asko ezagutzen. Eta nire tesi-zuzendariak esan zidan Antony Hewishek bazuela quasar gehiago aurkitzeko modu bat. Horretarako, irrati-teleskopio bat eraiki behar genuen. Eskuz egin behar genuen guk geuk. Eta hala hasi ginen. Eta teleskopio hura, guk erabiltzen genuen moduan, oso egokia suertatu zen pulsarrak bilatzeko. Baina, noski, une hartan ez genekien pulsarrak existitzen zirenik ere. Ezta arrastorik ere!

Irrati-teleskopioa Ingalaterran zegoen, eguraldi txarragatik ospetsua den herrialde batean. Euria, lainoa; Euskal Herrian bezala. Ez da toki aproposa astronomia optikoa egiteko. Baina irrati-astronomiarako egokia da?

Irrati-astronomia erabat ezberdina da. Egunean zehar, Eguzkiak ez du hainbesteko indarrik zeruan. Irrati-uhinak ikusteko moduko begiak izango bagenitu, Eguzkia ez genuke hain distiratsu ikusiko, eta atzean dituen izarrak eta galaxiak ikusi ahal izango genituzke. Beraz, irrati-astronomian, egunez nahiz gauez egin daiteke lan. Hodeiak ere ez dira arazo horretarako: irrati-uhinek erraz zeharkatzen dituzte. Beraz, gurea bezalako klima batean, Britainia Handian zein hemen, lan egin daiteke irrati-astronomian.

Arazoa, ordea, interferentziak dira, telefono mugikorrenak, mikrouhin-labeenak eta abarrenak. Tresna horiek guztiek sortzen dituzte irrati-uhinak. Eta irrati-teleskopioa sentikorra bada, harrapatu egiten ditu. Horregatik, behartuta gaude hirietatik eta jende asko dagoen tokietatik urrun lan egitera.

Non zineten zuek?

Cambridgetik gertu ginen, baina kanpoaldean. Garai hartan, ez zegoen hainbeste interferentzia; errazagoa zen. Eta, hala eta guztiz ere, interferentziak baziren arazo bat guretzat.

Eskuz egin zenuten irrati-teleskopioak ez zuen ohiko irrati-teleskopio baten itxurarik, inondik inora.

Ez, egia da. Nekazaritzarako instalazio bat zirudien. Landareak hazten dira horrelakoetan. Britainia Handian lupulua hazten dugu horren antzeko euskarrietan. Beraz, ez zuen ematen irrati-teleskopio bat. Baina bada irrati-teleskopio handi bat... tira, bazen; eskuz egindakoa eta eskuz egindakoaren itxurarekin.

Irrati-uhinak harrapatzen zituen antena-moduko bat behar zenuten?

Hori da. Telebista-antena zaharrak ere antzeko zerbait ziren. Baina, gure teleskopioan, antena bat izan ordez, 2.000 inguru genituen, guztiak kableen bitartez elkarri lotuta. Kobrezko kableak erabili genituen. Kobrea oso garestia zen, orain bezalaxe; eta, horregatik, norbaitek ostu egin digu kobrea. Kuterrekin etorri ziren, eta kobre guztia eraman zuten.

Seinale bat harrapatu zenuen. Oso erregularra zen.Eta zure lehen hipotesia izan zen seinalea ez zela izar bat, baizik eta beste zerbait.

Lehenengo seinale hura oso bitxia zen, eta oso zaila egin zitzaigun sinestea espaziotik zetorrela. Halakoetan pentsatzen duzu ekipoak nolabait huts egin duela, edo interferentzia bat jaso duela. Baina, gero, baieztatu genuen ez zela interferentzia bat, ezta ekipoaren akats bat ere. Behatokiko beste teleskopio batek ere jaso zuen seinalea. Eta, pixkanaka, konturatu ginen, edozein zela ere iturria, Esne Bidean zegoela; Eguzkia baino urrunago, planetak baino urrunago, baina Esne Bidean. Orduan hasi nintzen pentsatzen izar-mota bat izan zitekeela. Eta, gero, hiruzpalau aste geroago, bigarren bat aurkitu nuen, beste norabide batean. Eta orduan jakin nuen izar-mota berri bat izan zitekeela, bigarrena aurkitu genuenean. Aste batzuk geroago, hirugarren bat eta laugarren bat aurkitu genituen. Beste izar-mota bat zen, baina ez genekien nolakoa.

Eta seinale bakar bat harrapatu izan bazenute?

Oso zaila da jakitea zer egin seinale bakarra duzunean. Nekez konbentzituko duzu inor horrekin. Jendeak esango dizu ekipoaren akats bat izan dela, kontuan hartu ez duzuna. Horregatik, bigarrena aurkitzea izan zen onena. Hori izan zen ' eureka unea', bigarrena aurkitzea.

Seinaleari Gizontxo berdeak 1 izena jarri zenion, ingelesez, LGM1. Zergatik?

Txantxetan izan zen. Izenaren "1" horrek erakusten du txantxa zela; LGM2, 3 eta 4 ere baditugu, eta ez daude lau gizontxo berde Lur planeta hutsal honetara seinaleak bidaltzen, maiztasun ero horrekin eta zentzurik ez duen teknika baten bitartez. Izena txantxa zen, baina orain damutu egiten naiz txantxa hori egin izanaz.

Dena den, bide luzea dago gizontxo berdearen ideiatik neutroi-izarraren ideiaraino. Gainera, orduan ez zenituzten neutroi-izarrak ezagutzen.

Hori da. Teoriko ero batzuek bai; esana zuten horrelako izarrak egon zitezkeela, baina ezin zirela ikusi. Inork ez zien kasurik egin. Baina arrazoia zuten.

Zenbat denbora behar izan zenuten neutroi-izarrak zirela konturatzeko?

Ez da begi-bistakoa. Ez. Sei hilabete behar izan genituen horretaz jabetzeko. Lehen pulsarra Karramarroaren nebulosan aurkitu genuen. Eta zehaztasun handiz aztertu ahal izan genuen, pulsarra pixkanaka mantsotzen ikusi ahal izan zen arte. Denborarekin pultsu bat mantsotu egiten bada, esan nahi du errotazioa duela. Bibratzen arituko balitz, denborarekin azkartu egingo litzateke. Baina hura mantsotzen ari zen, eta, beraz, biraka ari zen. Neutroi-izar bat izan behar zuen. Baina sei hilabete behar izan genituen ondorio horretara iristeko moduko datuak lortzeko.

Orduan, pulsar izena asmatu zenuten.Une historikoa izango zen zure bizitzan eta zientziaren historian.

Zientzia-kazetari batek asmatu zuen pulsar izena. Argitaratu genuenean, lehen pulsarraren artikuluak interes handia sortu zuen, eta elkarrizketa asko egin behar izan genituen. Elkarrizketatzaileetako bat Daily Telegraph egunkarikoa zen, Anthony Michaelis. Eta hark galdetu zigun: "Nola deituko diezue gauza horiei?" Guk ez genuen horretaz pentsatu ere egin. Ordurako erabiltzen zen quasar izena, eta hark esan zigun: Irrati-pultsuak igortzen dituen izar bat: pulsar bat. Arbelean idatzi zuen zer itxura zuen ikusteko, eta itxura ona zuen. Eta pulsar izenarekin geratu zen.

Antony Hewish proiektuaren zuzendariak Nobel saria jaso zuen pulsarren lanarengatik, baina zuk ez. Istorio berdina ez den arren, paralelismo bat dago zure eta Rosalind Franklin-en artean; Franklinen lana ezinbestekoa izan zen DNAren egitura aurkitzeko, baina denbora asko iragan zen haren ekarpena publikoki onartu zen arte.

Rosalind Franklin oso gazterik hil zen. Haren lana Nobel sariarekin saritua izan zenerako, hilda zegoen. Bizirik egon balitz, ez dakit saria emango zioten ala ez. Espekulatu besterik ezin dugu egin. Alde batetik, Nobel saria ez zaie emakume askori eman. Baina, bestetik, nire belaunaldian ez ginen emakume ikertzaile asko. Espero dut etorkizunean askoz ere gehiago egongo direla.

Ez du ematen Rosalind Franklini Nobel saria emango ziotenik.

Posible da, bai. Gauzak nola zeuden ikusita, seguruenik arrazoia izango duzu.

Jocelyn Bell Burnell

Jocelyn Bell Burnell irlandarra ospetsua da berak detektatu zituelako lehen aldiz pulsarrak. Titulu asko eman dizkiote lan horregatik; hain zuzen, izendatzeko modu egokiena Professor Dame Jocelyn Bell Burnell da. Sari asko ere jaso ditu, tartean Herschel domina, baina jaso dituen sariengatik baino ospe handiagoa du jaso ez duen Nobel sariarengatik. Pulsarrak aurkitzeagatik, Antony Hewishek jaso zuen Fisikako Nobel saria 1974an, Bell Burnellen zuzendariak.

Laguntzailea: